ALBISTE LABURRAK
Lehenengo arrano arrantzalea itzuli da Urdaibaira
Pasa den maiatza hilabetean, Bizkaiko Foru Aldundiko basozainek eraztundutako arrano arrantzale bat ikusi zuten Urdaibaiko paduran. Aranzadi Zientzi Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin abian duen berreskuratze proiektuko arrano arrantzalea zen. Itzulera hau oso garrantzitsua da, proiektuaren baitan indibiduo hau bere negupasako gunetik itzultzen lehenengoa izan delako. Posible da negua Senegalen, Malin edo Guinea Bissaun pasa izana eta, ia bi urteren ondoren, Urdaibai Bird Center-eko teknikariek hazi zuten gunera bueltatu izana. Proiektuarentzako beste berri oso garrantzitsu bat ere badago. 2013an askatutako beste ar bati argazkia atera ahal izan zaio, FAPAS kontserbazio erakundeak Ribadeon duen estazio batean, Asturias eta Lugoren arteko mugan dagoen estuarioan hain zuzen.
Web orri berria Familia Harrera sustatzeko
Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren web orri berria, beren familiekin bizi ezin diren umeen familia-harrera sustatzeko eta Bizkaia osora zabaltzeko. Familia-harrerari buruzko web orria informazioa eskuratzeko, parte-hartzeko, Bizkaiko egoera ezagutzeko eta protagonisten esperientzien eta lekukotzen berri izateko leku bat da.
Frantzisko Aita Santuaren entziklika ingurumenaren babesaren inguruan
Aita Santuak entziklika bat eskaini dio ingurumenaren babesari. Ekainaren 18an aurkeztu zen Vatikanoan. Horren bidez pertsona guztien kontzientzia astindu nahi du eta Klimari buruz Parisen egingo duten hurrengo Goi-bileran eragin. 2015aren amaieran izango da ekitaldi hori, eta Kiotoko Protokoloa ordeztuko duen mundu mailako akordioa ixtea izango du helburu.
«Energia-Aurrezkia Eskoletan» Bigarren Hezkuntzarako material didaktikoa
Pasa den apirilean «Ikastetxeetan energia aurrezten» laguntzeko material didaktikoa argitaratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bigarren argitalpen honetan, Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleentzat bideratua dago kasu honetan, «E-pack. Hezkuntza Eskuliburua Bigarren Hezkuntzako Eskolentzat». Baliabide didaktikoen helburua 50/50 max proiektuaren hezkuntza atala ikastetxe bakoitzean gauzatzen laguntzea da
500 ikastetxe baino gehiago parte hartzen ari dira Europako ekimen horretan, dagozkien herrietako udalekin batera. Orain arte Bizkaian abentura horretan murgildu diren herriak Gernika-Lumo, Mungia eta Portugalete dira.
Material didaktikoak eta informazio gehiago eskuratzeko, Bizkaia 21en web gunean sartu (www.bizkaia21.net)
GAZTE HONDARTZA PROGRAMA
Bizkaiko Foru Aldundiak ekimen berri bat jarri du martxan, aurtengo udan gure lurraldeko hondartzetan ibiliko diren gazteei zuzendua. Gazte Hondartza deritzo ekimenari: gazte eta nerabeen artean esku hartzeko programa bat da, zenbait dinamika garatuko dituena, drogazaletasunaren, sexualitatearen eta beste zenbait arrisku-jarreren arloan, prebentzioa sustatu eta arriskuak murrizteko. Era berean, jarrera proaktibo bat sorrarazi nahi du hala ingurumenarekiko nola iraunkortasunarekiko. Gazte Hondartza ekain, uztail, abuztu eta irailean zehar garatuko da. Programa gauzatzeko, giza baliabideak, digitalak eta materialak erabiliko dira, goian aipatu diren mezua helarazteko eta helburuak iristeko.