ALBISTE GEHIAGO

Itsas biodibertsitatea

Dibertsitate biologikoari buruzko datu argigarri eta bitxiak, eta nola dagoen presente gure egunerokoan; ezagutu, zaindu eta gorde dezagun.

Ba al zenekien?

— Biztanleen %60 kostaldetik 60 km ingurura bizi dira.

— Plankton ozeanikoak arnasten dugun oxigenoaren %75a sortzen du, eta isurtzen dugun CO₂-aren %25a xurgatzen du.

— Baleak eta bestelako zetazeoak agertzea baliabide turistikoa da, baita sustapenerako oso garrantzitsua ere. Santurtzin eta Urdaibain zetazeoak begiztatzeko taldeak antolatzen dira duela urte batzuetatik hona, baina beste leku batzuetan, Kanariar Uharteetan esaterako, praktika horrek urtean milioi bat bisitari ekarri, eta 20 milioi euro sortzen ditu.

— Ozeanoen osasunak balio kalkulaezina dauka giza garapenerako, zientzia, industria eta medikuntza arloan.

— Europan, 6 enplegutatik bat ingurumenaren eta biodibertsitatearen menpe dago zuzenean edo zeharka.

(Iturria: Fundación Biodiversidad).

NBEen Batzar Nagusiak Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda bere egin du

Munduko liderrek ontzat eman dute Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda, 2015eko irailaren 25a eta 27a bitartean Nueva Yorken egindako Nazio Batuen Goi-bileran. Pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko ekintza plana da eta mundu mailako bakea eta justiziaren eskuragarritasuna ere sendotu nahi ditu. Agendak 17 helburu nagusi planteatu ditu eta horien barruan 169 azpi-helburu banaezin daude integratuta, arlo ekonomikoa, soziala eta ingurumena barne hartuz.

Nazio Batuen kide diren Estatuek adierazi dute gaur egungo erronkarik handiena pobreziarekin amaitzea dela eta hori lortu ezean, ezin izango dela garapen iraunkorrik egon. Estrategia berriak munduko garapen-programak arautuko ditu datozen 15 urteetan. Estrategia hori aplikatzen hasita, Estatuek konpromisoa hartuko dute berau ezartzeko beharrezko baliabideak mugiarazteko. Horretarako, aliantzak sortuko dira, batez ere pobre eta babesgabeenen beharrizanak betetzera bideratuta.

Mundutik pobrezia erauzteko helburuaz gain, Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) barruan honakoak daude: gosea erauzi eta elikadura-segurtasuna lortzea; bizimodu osasungarria eta kalitatezko hezkuntza bermatzea; genero-berdintasuna lortzea; ura eta energiaren eskuragarritasuna ziurtatzea; hazkunde ekonomiko iraunkorra sustatzea; aldaketa klimatikoaren aurkako neurri urgenteak hartzea; bakea sustatu eta justiziarako bidea erraztea.