BAZENEKIEN?

Energia

Elektrizitate kontsumoaren %42 inguru sukaldean ematen da. Beraz, aurrezteko hartu beharreko lehenengo neurria, energia kontratua gure benetako beharretara doitu ondoren, kontsumoa optimizatzen duten etxetresna elektrikoak eskuratzea da: A eta B motakoak dira eraginkorrenak. Erosteko unean gastu handiagoa egin behar da, baina fakturaren murriztapenarekin konpentsatu egiten da.

Biodibertsitatea

Azken 100 urteetan planetak bere hezeguneen %64 galdu du, 2015eko ekainean Hezeguneei buruzko Ramsarreko Konbentzioaren Aldeen arteko Konferentziaren XII. Bileran idazkari nagusiak, Christopher Briggsek, egindako balantzearen arabera. Egoera global hori geldiarazteko beharraz ohartarazi zuen.

Irisgarritasun unibertsala

Erresuma Batuko Itsuen Errege Institutu Nazionalak egindako azterketa baten arabera, supermerkatu kate batek ezgaitasunen bat dutenei bere webgunea Interneten irisgarri egiteko inbertitu zituen 41.000 €-ek aukerak zabaldu zizkioten urtebetean 15 milioi libra baino gehiagoko diru-sarrera osagarriak izateko. Ez da adibide bakarra. Instalazio irisgarriagoak baleude, kolektibo honek bidaia gehiago egingo lituzke, eta horrek sektore alemaniar turistikoarentzat soilik 620-1.900 milioi euro arteko hazkundea ekar lezake. Europar Batzordeak 30.000 milioi euro baino gehiagotan kalkulatu du ezgaitasunen bat duten pertsonentzako zerbitzuak eta dispositiboak sustatzeak ekar dezakeen urteko balioa.

Integrazioa

Cristina Marcos santurtziarraren adibideak erakusten du ahaleginarekin eta bitarteko batzuekin bizi muga asko gaindi daitezkeela (askotan burukoak direnak benetakoak baino). EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Inmunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Departamentuko 34 urteko biokimiko eta ikertzaile hau, jaiotzean albo bietako hipoakusia neurosentsorial larria jasan ondoren %90ko entzumena galdu zuena (6 urtera arte ez zioten antzeman, ordura arte «lotsati»-tzat hartuta), integrazio adibide bat da; eta hori horrela da gizarteak bidea erraz jarri ez dion arren, izan ere, familiarengandik jasotakoa kenduta, oso laguntza gutxi izan du bere prestakuntza prozesuan.

Garraioa

Annie Kopchovsky kazetariak XIX. mendearen amaieran Bostonen (AEB) bi gizonek egin zuten bost mila dolarreko apustua irabazi zuen: munduari buelta ematea bizikletan. Anniek bere bizikletarekin lor zezakeela erakustea erabaki zuen, Sterling batekin, garai hartan gizonezkoentzako soilik zen bizikletarekin. 1894an hasi zuen bidaia, AEBtik Europara eta Afrikako iparraldera, ondoren Asiatik berriro iristeko Bostonera. Bere bidaiaren hasieran, publizitate kanpaina bat egin zuen, garairako oso berritzailea izan zena: bere bizkarrean Londonderry Lithia ur marka grabatuta eramatea. Helmugan senarra eta hiru seme-alabak zituen zain, eta apustua irabazteaz gain, mugikortasunean bizikletak dituen balioak erakutsi zituen eta agerian utzi zituen garraiobide honen inguruan zeuden generoko aurreiritzi artifizialak.

Kontsumo arduratsua

Gosariko zerealak burdinaz daude aberastuta; margarina eta esnea, landare esterolez; ogia eta esnea, omega 3 azidoez… EBn derrigorrezkoa da beren produktuen publizitatea egiteko xedez osasun argudioak erabili nahi dituzten enpresek haien eraginkortasuna frogatzea. Landare esterolak dituen margarinak, erregularki kontsumitzen bada, kolesterol maila altuak dituztenei %15eraino murritz diezaieke. Aldiz, Arriskuen Ebaluaziorako Institutu Federalak ohartarazi du pertsona osasuntsuen sistema kardiobaskularrerako arriskutsua izan daitekeela, batez ere haurtzaroan. Beraz, janari funtzionala egokia da soilik produktu jakin bakoitza zuzenduta dagoen biztanleriaren talde horretako kontsumitzaileentzat.

Klima aldaketa

CO₂-a birziklatu ere egiten da. Eguratsaren karbono dioxidoa atzeman eta lurperatzeko teknologia aurreratzen ari da, berotze globala murrizteko era gisa, ikatz garbitik elektrizitatea sortzeaz gain. Prozesua mineralizazio eta konfinamendu prozesu berrien ondorioa da, ur gaziz blaitutako formazio karedunetan CO₂ injektatu ondoren, 1.400 metroko sakontasunean. CO₂ tona batek azaleran 509 m³-ko okupatzen du eta auto bateko 14.000 km-ko baliokidea da edo 20 joan-etorriko bidaia batera Bilbotik Madrilera hegazkinez. 1.110 metroko sakoneran lurperatuta, aldiz, CO₂ tonak 1,39 m3 soilik okupatzen du.

Genero berdintasuna

XIX. mendearen amaieran arrunta zen jarduerak sailkatuta egotea genero bakoitzari esleitzen zitzaizkion rolen arabera, hau da, gizarteak jaiotzatik genero bakoitzari aitortzen zizkion trebetasunen arabera. Horregatik, zenbait errutina emakumeek soilik egin zitzaketen, eta beste batzuk gizonek. Oraindik ere ezaguna egiten zaigu, ezta? Horrela, jostea emakumeen jarduera bat zen eta mekanika gizonezkoena. Marie E. Ward oldartu egin zen jardueren banaketa honen aurrean eta 1896an «Txirrindularitza emakumeentzat» argitaratu zuen. 286 orriko liburu honetan emakumeen ahalduntzea bilatzen zuen beren bizikletak menderatzeko behar zituzten ezagutza tekniko eta teorikoak eskainiz. Bertsio digitalizatuta hemen eskura daiteke: https://archive.org/details/commonsensebicy00wardgoog.

Elkartasuna eta garapena

Atzeratuen dauden lekuetako biztanleen biziraupena eta garapen fisikoa nabarmen hobetu dira azken hamarkadetan Nazio Batuek bazterkeriaren kontra sustatu dituzten programei esker. 80. hamarkadaren hasieran 13 milioi herritar hiltzen baziren bost urte bete baino lehen, gaur egun kopurua 6 milioira arte murriztu da. Gainera, amen heriotza tasa %45 murriztu da eta haurren hazkundearen atzerapena %41. Prestakuntza akademikoa ere hobetu egin da. Eskolaratze ezak 104 milioiri eragiten zien laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran, eta gaur egun ez du gainditzen 58 milioiko kopurua. Halaber, genero-berdintasunean ere aurreratu egin da, Afrikan egoerak berdintasun eza handia erakusten jarraitzen duen arren.

Hondakinak

Beira hondakinak jasotzeko edukiontzi berdean ez dira bota behar edalontziak, lorontziak, portzelanak edo leihoetako kristalak. Tenperatura ezberdinean urtzen dira eta lortzen den ontziak ez du kalitate nahikorik. Halaber, koipez zikindutako papera ez da edukiontzi urdinera bota behar, paper berria egiteko egiten den pastaren kalitateari eragiten baitio.