ALBISTE LABURRAK

«Poziktibity»k euskaldunberriak omentzen ditu

«Poziktibity» euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da eta, dagoeneko, urtebete igaro da kontzeptua lehen aldiz zabaldu zenetik. Kontzeptu edo ideia soil bat baino, bizitza ulertzeko eta gozatzeko modu bat da Poziktibity. Joan den azaroan, «Berritasuna Poziktibity da» lelopean, laugarren bideo aurkeztu zen. Bideo hau Euskararen Nazioarteko Egunarekin zuzen-zuzenean lotuta dago eta bere azken helburua euskaldunberriek euskara ikasteko egin duten esfortzua aitortu nahi du. Gainera, Poziktibityk bidelagun berriak izango ditu oraingoan. Izan ere, olatu honekin bat egin dute Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Donostiako Udala eta Gasteizko Udala. Gainera, EAEko udalerri guztiei euskaldunberriei gune bat eskaintzeko proposamena luzatu zaie: kale bat, kiroldegi bat, parke bat euskaldun berriaren presentzia nonahi hedatzen joan dadin.

«BizkaIdatz Txikia» bigarren edizioa

Bizkaiko Foru Aldundiak bigarren urtez jarri du abian «BizkaIdatz Txikia» haur eta gazteentzako literatura-saria, Bizkaiko haur eta gazteen artean literatura-sormena sustatzeko. Dagoeneko irekita dago lanak aurkezteko epea, eta 2016ko martxoaren 11n amaituko da. Lehiaketaren bidez, irakurri eta idazteko zaletasuna sustatu nahi da. Bi kategoria daude: haurren kategoria, lehen hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleentzat, eta gazteen kategoria, bigarren hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetako ikasleentzat. Helbide honetan kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarriak: https://www.bizkaia.eus/kultura/foru_liburutegia

2015eko Beldur Barik Sariak

2015eko Beldur Barik Sariak pasa den azaroaren 28an banatu ziren, Beldur Barik Topaketan. Topaketa, aurten, Amurrion ospatu zen. Pasaiatik bidalitako «Yo soy» lana izan da lehen kategoriako (12 urtetik 17ra bitartekoa) lan irabazlea eta «40 golpe» Berriatuatik bidalita, bigarren kategoriakoa (18 urtetik 26ra bitartekoa). Jabekuntza eta emakumeen batasuna, mikromatxismoen identifikazioa, gizarteratze ezberdindua eta maitasun erromantikoa bezalako elementuak oso presente egon dira aurkeztutako eta saritutako lan askotan.

Euskadiko ekosistemen zerbitzuen bilakaera aztertzea adostu dute UPV/EHUK eta aldundiak

UPV/EHUrekin lankidetzan aritzeko hitzarmena onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskadiko ekosistemen zerbitzuen ebaluazioari buruzko ikerketa programa bat martxan jartzeko; horri esker, posible izango da ingurumen baliabideen erabilera iraunkorra sustatzea eta ondare naturala zaintzea. Hartara, Foru Administrazioak guztira 360.000 euroko ekarpena egingo du orain hasi eta 2018. urtera arte, 90.000 euroko lau multzotan. Hitzarmena garapen iraunkorrerako Aldundiaren estrategiaren barruan kokatzen da, Bizkaia 21 Programa izenekoa; programaren ildo estrategikoa Bizkaiko ingurune naturalaren potentziala areagotzea eta zaintzea da, ekosistemak zaintzeko helburuarekin, azpiegitura berdeak bultzatuz garapen sozio-ekonomikoa eta enplegua sortzeari dagokionez.

Eusko Jaurlaritzak %25 murriztuko du energiaren 2025 urterako

Eusko Jaurlaritzaren Energia Iraunkortasun Dekretuak erabateko aldaketa ekarriko du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia kontsumoaren inguruan. Izan ere, kontsumoa nabarmen murriztu nahi du, haren menpeko erakunde eta sail guztien eraikin, instalazio eta flota guztietan energia birmoldaketa handiaren bitartez. Europako arauetan oinarri hartuta, Euskadin orain arte garatu den beste edozein ekimenetatik harago doa dekretua, aitzindaria eta neurgarria den esparru orokor bat ezarriz, eta helburu gisa, energiaren kontsumoa %25 murriztea jartzen du 2025. urtera begira. Aurrezpen hori ekonomikoki,  200 milioi euro inguru izan daiteke 2025 urteraino.