ALBISTE GEHIAGO
ADINGABEAK, ESTATU ERANTZUKIZUNA ETA GIZARTE IRAUNKORTASUNAREN SEINALE
Haurren Eskubideen konbentzioaren 25. urteurrenaren harira (2014ko azaroaren 20a), UNICEF erakundeak txostena argitaratu zuen. Bertan, Espainiar Estatuko datu kezkagarriak jasotzen dira, zalantzarik gabe «ekintzarako» hausnarketa eragiten dutenak.
37. artikulua: «Ume orok dauka garapenerako bizi-maila egokia izateko eskubidea eta guraso ororen funtsezko erantzukizuna da hori ahalbidetzea. Hartara, Estatuak neurri aproposak hartu behar ditu erantzukizun hori nork bere gain hartu ahal izateko …»
ESPAINIAKO ADINGABEEN %32,6 POBREZIA EDO GIZARTE BAZTERKERIA ARRISKUAN BIZI DIRA.
31. artikulua: «Haurrak eskubidea dauka aisialdirako, jostaketarako eta jarduera artistiko zein kulturaletan parte hartzeko».
0 ETA 17 URTE BITARTEKO ADINGABEAK DAUZKATEN FAMILIEN %50,9k EZIN DU URTEAN ASTEBETE OHIKO ETXEBIZITZATIK KANPORA OPORRETAN JOAN.
18. artikulua: «Gurasoen oinarrizko erantzukizuna da haurrak hazi eta heztea eta, bide horretan, euren funtzioak betetzeko beharrezko laguntza eman behar du Estatuak».
ADINGABEAK DITUZTEN FAMILIEN %46,9k EZIN IZATEN DIETE USTEKABEKO GASTUEI AURRE EGIN.
33. artikulua: «Haurrak eskubidea dauka estupefaziente eta psikotropikoak erabiltzetik babestua izateko eta horien produkzio edo banaketan nahastuta egon dadin galaraziko da».
14 ETA 18 URTE BITARTEKO ADINGABEEN %74k ALKOHOLA EDAN DU AZKEN HILABETEAN
28. artikulua: «Hezkuntzarako eskubidea dauka eta, hortaz, Estatuaren betebeharra da doako eta nahitaezko lehen hezkuntza gutxienez bermatzea».
GAZTEEN %23k BEHAR BAINO LEHEN UZTEN DUTE ESKOLA (DBH BUKATUTA, BAINA BESTELAKO IKASKETA EDO PRESTAKUNTZARIK JASO GABE)
23. artikulua: «Urritasun fisiko edo mentala duten haurrek eskubidea dute zaintza, hezkuntza eta prestakuntza bereziak jasotzeko, euren burujabetza eskuratzeko eta gizarteratze aktiboa gauzatzeko».
ESPAINIAKO BPGaren %1,4 GIZARTE BABESERA BIDERATUTA DAGO. EUROPAN %2,2koa DA PORTZENTAJEA
Oharra: Artikuluan jasotako genero-hizkera ez da aldatu, jatorrizko testua errespetatu da.
Hiriak birpentsatu behar ditugu
2014an NBEk Munduko Hirigintza Ikuspegien inguruko programa bat landu zuen; hori erreferentzia hartuta, nazioarteko LSE Cities zentroaren mendeko Urban Age ikerketa programak honakoak identifikatu zituen: hirigintza arloko aldaketen ondorioz lurraldeetan ematen diren eredu demografiko, ekonomiko eta ingurumenekoen arteko desberdintasunak.
Desberdintasun horiek antzemateko, NBEren txostena hartu zen oinarri. Txosten horren arabera, 1950ean munduko herritarren %30a hiriguneetan bizi zen. 2014an, portzentaje hori %54an zegoen eta joera horren arabera, 2050ean %66koa izango da.
Eta gaur egun lurraldeen eta hirien arteko desberdintasunak (demografikoak, ekonomikoak, sozialak, ingurumen arlokoak...) agerikoak badira, desoreka hori gero eta nabari, arriskutsu eta bidegabekoagoa izango da.
Adibidez, 2012an, NBEk nabarmendu zuen munduko biztanleriaren %33a bizi den hiri handiek ekoizpen ekonomiko globalaren %55 sortzen zutela; gainera, egiaztatu zen egoitzako hiria eta kontsumo ereduak oso lotuta daudela. Zentzu horretan, Urban Age programak honako adibide hau jarri du: litekeena da Arabiar Emirerri Batuetan bizi den pertsona batek Bangladeshen bizi den batek baino 40 aldiz energia gehiago kontsumitzea. Erresuma Batuan bizi den pertsona batek AEBen bizi den batek kontsumitzen duenaren erdia kontsumitzen du, baina hala ere, Danimarkan bizi den batek gutxiago kontsumituko du.
Halaber, energia berriztagarrien iturriak modu desproportzionatuan daude ezarrita; munduko energia ekoizpenaren %13a dira, baina erabileraren arabera aldagarriak dira. Zergatik gertatzen da hori? Diru-sarrera altuak dituzten herrialdeetan biomasa eta elektrizitaterako erabiltzen dira eta diru-sarrera baxuak dituztenetan, berogailu eta sukalderako.
Era berean, karbono isurien sorkuntzari dagokienez ere desberdintasun handiak daude; izan ere, kutsadura-maila handiena duten herrialdeak Australia, Txina eta Hegoafrika dira. Horren arrazoia da karbonoarekiko dependentzia handia dutela; aldiz, Danimarkak energia berriztagarrien iturri gehiago ditu. Eta garraioaren ondoriozko isurpenen kasuan, motorizazio-tasekin ere zerikusia dute. AEB eta Txinan daude metatuta, hortik baitator jatorri horretako munduko isurpenen %39.
Ondorioz, egungo hiri arrastoa arriskutsua da, baina are arriskutsuagoa izango da etorkizun hurbilean. Gure garapen-eredua berehala birpentsatu beharra daukagu.