BAZENEKIEN?
Energia
Bilboko Albia eraikinak, Uribitartetik Itsasadarrari begira dagoen lehengo mendeko 70. hamarkadako bulego blokeak, energian %80 gutxiago gastatuko du fatxadaren zaharberritzeari esker. 2016. urtearen amaieran bukatuko den azal-aldaketarekin, eraikinak, erabateko aldaketa estetikoa jasateaz gain, aldaketa ekologikoa ere izango du (energetikoki eragingarria): fatxada aireztatua izango du, 4.000 m²-ko azalera hartuko duten azken belaunaldiko plakaz osatutakoa, inguruneko CO₂ko presentzia murriztu eta oxigeno bilakatzeko gai direnak (280 zuhaitz berri izatearen baliokideak), eta egurrezko leihoak eta beirak ere ordezkatu egingo dira.
Biodibertsitatea
Fauna Basatia Sendatzeko Bizkaiko Zentroak 2.000 animalia baino gehiago jaso ditu azken bi urteetan (2014-2015), hau da, 462 espezietako ia 13.000 animalia 1999an jarduerari ekin zionetik. Lesio eta gaixotasun ezberdinak zituzten animaliak zaindu eta sendatu ondoren, berriro askatu dira. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko Sailari lotuta dagoen foru zentro hau tresna baliotsua da, beraz, gure biodibertsitatearen kontserbazioan.
Irisgarritasun unibertsala
Bizkaiak gainditu egin du turismoari begirako irisgarritasunari buruzko azterketa. Ezgaitasunen bat duten lau taldetako ordezkariek ontzat eman dute Travel for All Bizkaia 2015 izeneko foru ekimena. Horren bidez, ibilbide eta asteburuko egonaldi egokituak diseinatu dira ezgaitasunen bat dutenen pertsonentzat. Balidatzaileen taldearen buru Miguel Nonay egon da, «viajero-sinlimite.com» bidaia blog ezagunaren egilea, baita Euskal Gorrak (Gorren Elkarteen Euskal Federazioa), Kantabriako Down Sindromedunen Elkarteko eta Bizkaiko itsuen kolektiboko ordezkari bana ere, turismo irisgarrian aditua den TravelForAll bidaia agentziaren koordinaziopean.
Gizarteratze eta Integrazioa
Espainian egunean hamar lagunek egiten dute bere buruaz beste alarma zantzurik inork antzeman gabe. Suizidioa da Espaniar estatuan heriotzen kanpo-kausa nagusia. Zenbakiek gutxi hitz egiten den errealitatea erakusten dute, eta formulak falta dira aurrea hartzeko. Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera, «heriotza ikusezin» gisa ezagutzen diren horiek trafiko istripuz hiltzen direnen kopurua bikoizten dute, eta lan istripuak baino zazpi aldiz gehiago dira. Buru Nahasmenen eta Suizidioen Prebentziorako Fundazioak aplikazio bat garatu du, bai Android eta bai iOSerako, suizidioaren arriskua antzematen laguntzeko: Prevensuic.
Elkartasuna eta garapena
Mundu osoan berrehun eta hamabost milioi haurrek lan esplotazioa jasaten dute, horietatik 14 milioi baino gehiagok Latinoamerikan. Sarri esklabotasunetik gertuko baldintzetan lan egiten dute eta araututako hezkuntzarik gabe geratzen dira.
Genero berdintasuna
INEren datuen arabera, Espainian emakumeen urteko batez besteko soldata gizonezkoen %76,1 da. Baina desberdintasuna ez da soldatan amaitzen. 25-34 urte bitartean goi mailako ikasketadun emakume gehiago dagoen arren, gizonek lortzen dute lana errazago, eta emakumeek langabeziako zerrendak gizentzen amaitzen dute. Arrazoia? Normalean, bikotearen kideetako batek karrera sakrifikatu ohi du seme-alabengatik, eta erabaki horretan soldatak pisu handia du: gutxien kobratzen duenak uzten du bere karrera albo batera.
Mugikortasuna
Auto elektrikoek eta hibridoek TAO eta zerga gutxiago ordainduko dituzte Bilbon. Aparkaleku arautuko zerbitzuaren kontratu berriak bidea ireki du auto «ekologiko» mota horiei aparkatze gastuak murrizteko. Gaur egun, era horretako ibilgailuak dituztenek hobariak eduki badauzkate zirkulazio zergan, eta laster salbuespen berriak ere izango dituzte. Hasiera batean neurria hirian bizi direnei aplikatuko zaie, baina pentsatzen ari dira bertan bizi ez direnei ere hedatzea, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin akordioren bat egitea lortzen bada behar diren datuak erabili ahal izateko.
Kontsumo arduratsua
2015eko amaieratik Parisen 68 €-ko isunak jartzen dizkiete zigarro-mutxikinak kalera botatzen dituztenei (eta 30.000 hautsontzi berri jarri dira kaleetan). Montrealen (Kanada) isuna 100 € baino gehiagokoa da. Hiriburu frantseseko kaleetan urtero 350 milioi zigarroren hondakinak jasotzen dira. Neurriari buruz informazioa ematen duen bandoaren arabera «keinu horrek hiri paisaia eta elkarbizitzaren markoa zapuzten ditu". Baina ingurumenean ere ondorio larriak ditu. Izan ere, zigarro-mutxikin batek 4-12 urteko tartea behar du desagertzeko, eta nikotina, kadmioa eta beruna bezalako metal astunak eta kutsagarriak askatzen ditu, oso kaltegarriak direnak lorediarentzat eta faunarentzat. Gainera, lurrera botatzen diren zigarro mutxikin horietako asko maiz estolderiara iristen dira eta ura kutsatzen dute; eta zuhaitzen oinetan geratzen direnek haien bizi iraupena asko murrizten dute.
Klima aldaketa
Kutsadura Espainiako Estatuko 20.000 lagun ingururen heriotza goiztiarraren atzean dago, trafiko istripuetan eragindakoak baino 17 aldiz gehiago. Egunean 54 pertsona dira. Ez zaio garrantzirik ematen airea ikusten ez delako, nahiz eta tarteka arazoaren larritasuna agerian geratzen den; adibidez, auto konpainiaren batek isurketak estaltzeko iruzurra egiten duenean, edo Madrilen hiri gaineko «txapela» agertu eta trafikoan murrizketak egin behar izan zituztenean.
Hondakinak
Beiruten, Libanoko hiriburuan, hondakin tonak metatzen ari dira orain dela urtebete baino gehiagotik; milaka eta milaka poltsek zabor ibai handi bat osatu dute, kalez kale, hiria itota eta kiratsez eta izurritez beteta. Ikerketa berri batek ohartarazi duenez, %2.300 handitu da partikula kantzerigenoen kopurua, kontrolik gabeko eta legez kanpoko errausketak asko ugaritzen ari direlako.Herrialdeko zabortegi nagusia kolapsatuta dago eta aurkitu duten behin-behineko irtenbidea hondakinak Errusiara bidaltzea izan da. Halere, behin betiko irtenbidea asko luzatuko da, eta orain dela bi urtetik gobernuak bizi duen behin-behinekotasunaren eragina nabaritzen ari da.