ALBISTE LABURRAK
Zirgarien sinbologia, berdintasunaren arloko sarien protagonista
Pasa den martxoan banatu diren Bizkaiko Foru Aldundiaren berdintasunaren arloko sariek – Zirgari Sariak 2016- zirgarien sinbologia zuten oinarri. Emakume horiek atoian eramaten zituzten itsasontziak Bilboko itsasadarreraino.
Zirgari Sariak banatzeko ekitaldian Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala egon zen, eta Unai Rementeria Ahaldun Nagusia aritu zen buru. Harekin batera, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua eta Gorka Martinez BBK-ko zuzendaria izan ziren.
Zirgari Sariak lau kategoriatan banatu dira eta hauek izan dira saridunak: Askabide (berdintasunaren aldeko ibilbidea); Haize Berria (emakumeenganako indarkeriaren kontrako borroka); «Maite Albiz» Emakumeen Dokumentazio Zentroa (emakumeen ahalduntzea); eta «Piper Txuriak» Berdintasunaren aldeko Gizonen Taldea (erantzunkidetasuna eta kontziliazioa).
Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia Bilbon
Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia, 'Ekintza Eraldatzailea: Europarentzako potentziala', 2016ko apirilaren 27tik 29ra izan zen Bilbon. Antolatzaileak ICLEI- Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Nazioarteko Sarea, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira, Udalsarea 21 - Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen lankidetzarekin. Konferentzia tokiko jasangarritasunari buruzko politiken nazioarteko hitzordu nagusitzat hartzen da, eta Aalborg (1994 eta 2004), Lisboa (1996), Hannover (2000), Sevilla (2007), Dunkerque (2010) eta Genevan (2013) aurretik egindako konferentzien jarraipena da. 2016ko konferentziak erakutsi zuen noraino den premiazkoa tokiko jasangarritasunaren alorrean aurrera egitea, Europako etorkizuna itxuratzeari begira. 2016ko konferentziak erakutsi zuen noraino den premiazkoa tokiko jasangarritasunaren alorrean aurrera egitea, Europako etorkizuna itxuratzeari begira. Era berean, basque declaration delakoa onartu zen, Europa iraunkorra lortzeko bidaia-orri berria.
Aldundiak ia hiru milioi euro bideratuko ditu nekazaritza-sektorea sustatzeko
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak mendialdeko eta alde behartsuetako nekazaritza-sistemak mantentzeko konpromisoa dauka, ingurumen-interesa dutelako eta lurraldean eta arlo sozioekonomikoan oreka lortzen laguntzen dutelako. Konpromiso horrekin bat etorrita, Bizkaiko Foru Aldundiko sail horrek Bizkaiko Lurralde Historikoko nekazaritza-sektorerako laguntzak ezartzen dituzten bi dekretu onartu ditu Gobernu Kontseiluan. Guztira, 2.915.000 euroko aurrekontuko partida ezarri da 2016ko ekitaldirako.
Helburua da landa-inguruneko bizi-maila eta ingurukoa parekatzea eta nekazarien bizimodua eta lan-baldintzak zein abereen ongizatea eta higienea hobetzea, eta hori guztia natura-baliabide iraunkorrak ustiatu eta ingurune naturala zaintzen duten ustiategietan.
Bizkaia goazen 2030, berehalako estrategia
Bizkaia Goazen 2030, Bizkaiko Foru Aldundiaren berehalako ekintza- estrategia da. Horrek 120 jarduketa barne hartzen ditu, data, inbertsio eta hartzaile zehatzekin. Datozen hamabost urteetan Bizkaia hobe bat eraikitzeko Lurraldea prestatzea du helburu.
Estrategia horren bidez Bizkaiko Foru Aldundiaren eguneroko jarduera osatzen da, eta Lurralde hobea lortzeko lau lehentasunetara bideratzen du Aldundia: jarduera ekonomiko handiagoa eta kalitatezko enplegu gehiago duen Bizkaia; gizarteari eta lurraldeari dagokionez kohesionatuagoa dagoena, guztiontzako aukera berdinekin; munduari lotuagoa, eta administrazio modernoagoa, hurbilagoa eta arduradunagoa duena.
Katamotz iberiarraren 2015eko errolda
WWFk positiboki baloratu du orain dela gutxi Andaluziako Juntak, Life+ Iberlince proiektuaren koordinatzaile gisa, argitaratu duen katamotz iberiarraren 2015eko errolda. Izan ere, kopuruak nabarmen egin du gora, 404 animaliatara iritsi da taldea, eta Iberiar Penintsulako bost areatan dago banatuta: Doñana (Andaluzia), Sierra Morena (Andaluzia eta Gaztela-Mantxa), Montes de Toledo (Gaztela-Mantxa), Valle de Matachel (Extremadura) eta Vale do Guadiana (Portugal). Azken 15 urteetako daturik onena da. Kopuru itxaropentsu horiekin helburu premiazkoena da felinoak dituen bi mehatxu handienak geldiaraztea: errepideetako ibilgailuen harrapaketak eta, batez ere, haien oinarrizko jakia den untxien eskasia. Bestela, WWF beldur da goranzko joera hori geldituko ote den.
WWFrentzat beste elementu positibo bat da katamotzaren presentzia Andaluziaz harago finkatzen aritzea. Handitu egin dira Gaztela-Mantxako, Extremadurako eta Portugaleko guneak, eta frogatuta geratu da Extremaduran espezie honetako lehen kumea jaio dela, Life+Iberlince proiektuaren baitan egindako lanari esker.