BAZENEKIEN?

Energia

Familien energia-kontsumoak herrialdeko energia kontsumoaren %30 osatzen du. Zifra horren %18 etxebizitzari dagokio eta %12 autoaren erabilerari.

Biodibertsitatea

«Landareak pentsatzeko gai dira eta animaliak baino askoz ere sentikorragok dira». Horrela mintzatu zen Stefano Mancuso, Firenzeko Unibertsitateko Neurobiologia Begetalaren Nazioarteko Laborategiko Zuzendaria, Orduan, landareek pentsatu egiten dute? Pentsatzea kontzeptuarekin ulertzen dugunaren arabera. Gizakiak bezala, kontzeptu abstraktuak ulertzeko gai diren ala ez ari bagara, erantzuna ezezkoa da. Baina, arazoak ebazteari buruz ari bagara, orduan, erantzuna baiezkoa da, jakina. Gogoratzeko gai ere badira! Hortaz, ikasteko ere bai! Gu geu bezalaxe. Lehendabizikoz arazo bati aurre egin behar diotenean, ez dute oso ondo konpontzen. Baina, behin eta berriro arazo berari aurre egin behar diotenean, soluzioa gero eta azkarrago topatzen dute, gero eta modu eraginkorragoan gainera. Eta hori guztia burmuinik gabe!

Irisgarritasun unibertsala

Ibiltzeko jantzia. Berkeley Blonics konpainiak, egoitza Kalifornian duenak, «robot jantzi» bat diseinatu du paraplegia duten pertsonei ibiltzen laguntzeko. Jantziak eLEGS izena dauka; titanioz eta karbono-zuntzez fabrikatutako exoeskeleto hau (20k) hasiera batean soldadu estatubatuarrentzat diseinatu zen. Erabiltzaileak bateria eta mikroprozesadorea dituen motxila bat jartzen du lehenengo (sei orduko autonomia du), eta, ondoren, hanka bionikoak jartzen zaizkio, aldaka eta belaunetan artikulazio motorizatuak dituztenak. Makuluetan kokatutako sentsoreek aginduak bidaltzen dizkiote motxilan dagoen ordenagailuari eta honek hankei transmititzen die agindua. Oraingoz, 1,88 m-ko altuera eta 100 k-ko pisua duten pertsonek baino ezin dute eLEGS erabili, muskulu abdominaletan eta besoetan indar handia dutenek.

Integrazioa eta gizarteratzea

Eroskik urritasuna duten pertsonek kudeatutako lehenengo supermerkatua ireki zuen Azpeitian 2015 urte amaieran. Gizarte berrikuntzako proiektu honen bitartez, urritasuna duten pertsonak lan- munduan txertatzeko aukera berriak eskaintzen ditu, publikoarekiko harreman zuzenean, gaitasun eta ahalmen aniztasuna gizartean ikustaraziz. Hamar profesional arduratzen dira denak behar den bezala funtzionatuko duela bermatzeaz.

Mugikortasuna

Euskadiko garraioak berotegi-efektuko gasen %23 eragiten du, eta horien %96 errepideko garraioari lotuta dago. Azken kasu horretan, CO2ren %60 turismoek eragiten dute eta gainerako %40 salgaien garraioak.

Genero berdintasuna

Etxe eta familiaren zaintza partekatzea da emakumeen eztabaidagai nagusia, ezinbesteko erronka baita egiazko berdintasunerako (euskal emakume langileek gizonen denbora bikoitza eskaintzen diete seme-alabei). Aitatasun, amatasun eta edoskitze baimenak, lanaldia murriztea, eszedentzia eskatzeko aukera edo lanaldi malgua dira Berdintasun Legeak jasotzen dituen zenbait tresna. Baina, paradoxikoki, neurri horiek lan-mundutik urruntzen dute emakumea, eta soldaten ezberdintasunak handitzen. Datuek konfirmatzen dute esandakoa: lanaldi partzialeko kontratuen %97,7 emakumeek sinatutakoak dira (lana eta familia-betebeharrak uztartzeko), baita seme-alaba txikiak zaintzeko eszedentzien %95,90 ere; zifra horiek adierazten ditu Zientzia Politikoen Nazioarteko Institutuak Kontziliazioari buruz egindako Espainiako Bigarren Azterlanak.

Kontsumo arduratsua

Espainiar Estatuko gaztedia da Europako gizenena. Nerabeen %15ek behar baino pisu handiagoa dauka, sedentarismoaren eta elikagai-ohitura okerren ondorioz. Arazo hori lehenagotik dator: 3 eta 12 urte bitarteko bost adingabeetatik batek (%20) behar baino gehiago pisatzen du, eta 3 eta 5 urte bitarteko adin-tartean ere, %7k gehiegizko pisua dauka. Horrela, haur «potolo» izatetik, osasun arazo seriodun heldu gizen izatera pasatzen dira, bestelako elikadura-nahasmendurik aipatu gabe (anorexia edo bulimia).

Klima-Aldaketa

Zuhaitz bat hiru biztanleko eta biztanle bakoitzeko 9-10 m2 berdegune; horiek dira, besteak beste, Munduko Osasun Erakundeak ezarritako gomendio batzuk. Nolanahi ere, hirietan ez dira beti zenbateko horiek errespetatzen. Zentzu horretan, ordea, bizkor ibili da Bilbo; izan ere, 1999 urtean pertsona bakoitzeko 6 m2 izatetik, gaur egun 24 m2 izatera igaro da.

Elkartasuna eta garapena

Sarritan legez kanpo ereiten da soja, eta hori ustiatzeko egiten den neurrigabeko deforestazioa da gaur egun Brasilgo oihan handi eta aberatsenaren gaitz nagusietako bat. Bertan, egozten zaion berotegi-efektuko gasen portzentajearen %75 basoen suntsiketak eragiten du hain zuzen, eta horrek munduko laugarren herrialde kaltegarriena bilakatzea dakar. Greenpeace erakundeari eta kontsumitzaileen prezioari esker, 2006 urtean McDonald edo Wall Mart gisako multinazionalek konpromisoa hartu zuten Amazonaseko baso soilduetako soja-produkturik ez eskuratzeko. Sojaren luzamendua izenaz ezagutzen den hitzarmen hori urtero zabaltzen da ordutik, eta horrela, Amazonaseko zenbait oihan birjin babestea lortu da.

Hondakinak

Txinoek bezala birziklatzea. Txinan ia guztia da handia. Eta paradoxikoa ere bai. Munduan gehien birziklatzen duen herrialdea da Txina; baina beste herrialde batzuetako hondakinak erabiltzen ditu horretarako, batez ere Estatu Batuetakoak edo Europar Batasunekoak. Birziklatze-industria negozio arrakastatsua da; 500.000 milioi dolar sortzen ditu urtero. Horregatik daude Txinan zabortegi-hiriak. Hori horrela izanik ere, herrialdeak guztira 157.000 milioi kilo etxeko zabor produzitzen ditu urtean (hala ere, Bizkaiaren maila berean [529 k/bizt./urte] produzituko lukeena baino %360 gutxiago).