BAZENEKIEN?
Energia
Euskadiko etxe batek, bataz beste, 4.000 kw kontsumitzen du urtean. Familiak ekipamendu elektriko guztiak izango balitu, kontsumoa honela banatuko litzateke: argiztapena (%18), hozkailua (%18), berogailua (%15), telebista (%10), bitrozeramika (%9), etxetresna elektriko txikiak (%7), labe elektrikoa (%4), ur beroa (%3), mikrouhin labea (%2), lehorgailua (%2), ontzi-garbigailua (%2), ordenagailua (%1) eta aire egokitua (%1).
Biodibertsitatea
NBEren arabera, biodibertsitatearen aldaketen mehatxupean daude zenbait baliabide natural, hala nola, sendagai eta ur gezaren horniketa, agente kutsagarrien filtrazioa eta hondamendi naturalen kontrako babesa. Adam Steiner, Nazio Batuen Ingurumen Programaren (NBIP) zuzendaria, harago doa eta honakoa adierazten du: «espezieen desagerpenak egungo erritmoan jarraituz gero, dibertsitate biologikoa ez ezik, giza existentzia ere egongo da arriskuan».
Irisgarritasun unibertsala
Eskailerak igo eta jaistea, eskailera-buruak gainditzea edo gure etxeko sarreran eskailera-maila igarotzea eguneroko ekintzak dira, baina urritasuna edo mugikortasuna mugatuta duten pertsonentzako oztopo arkitektoniko gaindiezina dira. Igogailurik ez izateak edo, halakorik izanez gero, bertara heltzeko zenbait maila gainditu behar izateak etxean geratzea ekar lezake. Gainera, egoera horri bakardadea, urritasuna edo harreman sozialetarako zailtasunak gehitzen badizkiogu, arazo larriak sor litezke. Espainiar Estatuan, adibidez, 1.368.000 adineko pertsonari eragiten dio egoera horrek.
Integrazioa eta gizarteratzea
Gurpildun aulkian dauden pertsonekin elkarreragina izaten denean, haien altuera beretik zuzendu behar gatzaizkie, ahal dela, eserita. Halaber, pertsonaren baten laguntzaz badoa ere, gurpildun aulkian dagoen pertsonari zuzendu behar gatzaizkio beti, ez berarekin doan pertsonari; eta zer laguntza jaso nahi duen galdetu behar zaio.
Genero berdintasuna
Gizonezko gazteak adin bereko emakumeak baino askoz ere malguagoak dira generoarekin lotutako edozein tratu txarren aurrean, eta berdintasun ezaren pertzepzio txikiagoa agertzen dute. Emakume gazteen %63k uste du genero arloko berdintasun ezak larriak edo oso larriak direla; gizonen %44 da iritzi berekoa. 15 eta 29 urte bitarteko gizonen erdiak uste du batzuen eta besteen arteko aukera-ezberdintasunak «txikiak edo ia ezerezak» direla. Horiek izan dira Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindako «Genero indarkeriaren pertzepzioa nerabezaro eta gaztaroan» (2014) ikerketan ateratako ondorioetako batzuk.
Mugikortasuna
Munduko leku batzuetan, tren, auto, itsasontzi, bizikleta eta bestelako garraiobide tradizionalek ez daukate eragin handirik; beraz, beren mugikortasun-sistema propioak garatu dituzte, horietako batzuk oso aspalditik, eta guri arraroak iruditzen bazaizkigu ere, haientzat funtzionatzen dute. Hori da rickshaw deritzenen kasua: Bi gurpil dituen garraiobide arina da, gizakiaren trakzioz mugitzen dena, bai oinez, bai pedalei eraginda. Asiakoa da jatorriz eta pertsona garrantzitsuak alde batetik bestera eramateko erabiltzen zen. Oraindik ere oso erabilia da Txinan, Japonian eta Indian, esaterako. Mundu osoko hirietara zabaldu da erabilera, askotan turistak erakartzeko edo bizikleta- taxi zerbitzu gisa.
Kontsumo arduratsua
15 urteko gizonezko adingabeen %50 baino gehiagok eta neskatoen ia %70ek izan du inoiz bizkarreko mina ohitura okerren eraginez: gorputz-jarrera ezegokiak, eskolako motxilen gehiegizko pisua… Horren harira, ezinbestekoa da adingabeei zenbait praktika egoki irakastea, besteak beste: ariketak egitea, ondo esertzen ikastea, ordenagailua gorputz-jarrera egokian erabiltzea, eskolarako beharrezko materiala garraiatzen irakastea (betiere gehiegizko pisurik eraman gabe), etab. Izan ere, behar izango ez duen hura hobe du etxean utzi, eta komeni da gurpildun eta altuera erregulagarridun motxila erabiltzea, edo tiranteduna (biak erabiliz), betiere gorputzera ondo hurbilduta eta pisua sorbalda bakarrean kargatu gabe. Euren pisuaren %10 baino gehiago karga dezaten saihestu behar da.
Aldaketa klimatikoa
Baso gazteek, hau da, hazte-prozesuan dauden horiek dute karbonoa (CO2) finkatzeko gaitasunik handiena. Ondorioz, beharrezkoa da garapen-une gorenera heldu diren basoen aprobetxamendu iraunkorra egitea, horien birsorkuntza eta hazkundeari mesede egiteko. CO2 hori, berotegi efektuko gasetan garrantzitsuena, fotosintesi bitartez finkatzen da eta, ondoren, baso-masetan metatzen da.
Elkartasuna eta garapena
Haurdunaldiarekin edo erditzearekin lotutako kausen ondorioz hiltzeko arriskuak 22 emakumetik bati eragiten dio Afrikan. Herrialde garatuagoetan, 7.300 emakumetik bati. NBEren arabera, haurdun dauden 358.3000 emakume hiltzen dira urtean, eta 10 eta 15 milioik konplikazioak pairatzen dituzte, lesio edo urritasunak eraginda. Kausa nagusia hemorragiak izaten dira; saihets daitekeen kausa, inondik ere.
Hondakinak
Urtean 300 milioi tona plastiko produzitzen dira mundu osoan. Material hori oso erabilgarria da arlo ezberdinetan, hala astronomian nola osasunean. Hori dela eta, petrolioa alde batera utzita eskuratzea da erronka orain. Baina, gainera, plastikoa birziklatzearen arazoak behin betiko soluzioen zain jarraitzen du. Erabilera gehien dituen plastikoetako bat da PET (polietilen tereftalatoa); material gogor, erresistente eta iragazgaitza da eta zuku, freskagarri eta bestelako edarien ontziak sortzeko erabiltzen da. 2016ko martxoan, Japonian, Kyotoko Unibertsitateko ikertzaile talde batek iragarri zuen bazela bakteria bat PET plastikoa degradatzeko (alegia, jan eta digeritzeko) gai zena: Ideonella sakaiensis. Adierazi zutenez, zabortegi batean deskubritu zen bakteria, deskonposizio zantzuak zituzten PET plastikozko ontzien bila zebiltzala. Aurkikuntza horrek ateak irekitzen dizkio birziklatze eta deskontaminazioaren gaineko ikuspegi berri bati, orain arte plastikozko botilak ez baitziren egiazki birziklatzen (urtu egiten ziren eta plastikozko produktu gogorrago bilakatu).