ALBISTE LABURRAK
Oso ondo bizkaiko hondartzei
Erabiltzaileen balorazioa sendotuz itxi du Bizkaiak hondartzen aurtengo denboraldia, aurten ere «oso ongi» jarri baitiete erabiltzaileek gure lurraldeko hondartzei. Zehazki, 7,76 jarri diete 10etik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak eskaturiko inkesta baten arabera. Gehien baloratzen den alderdia segurtasuna da (% 8,68). Horren barruan, gainera, nabarmentzekoa da Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzuari eman dioten kalifikazioa: 9,72. Aldundiaren zerbitzu honek 9.468 laguni lagundu die, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean.
Aurtengo denboraldian, gure kostako 28 hondartzetan 3.111.126 bisitaldi jaso dira. 2015ean baino % 16,24 gehiago izan dira, eta, horren arabera, azken hiru urteetan onena izan da hau, etorritako bisitarien kopuruari dagokionez.
Aldundiak 5,91 milioi euro inbertitu ditu garapenerako lankidetzarako
Bizkaiko Foru Aldundiak 5.917.200 euro inbertitu ditu ekitaldi honetan garapenerako lankidetzarako zuzeneko laguntzak ematen; horretarako, batez ere 70/2016 Foru Dekretua erabili du, bai eta beste inbertsio osagarri batzuk ere. Kopuru orokor hori, 2015eko ekitaldiari dagokionez, % 16,26ko gehikuntza izan da. Guztira, 62 proiektuk jasoko dute Foru Aldundiaren finantzaketa; hori ez ezik, gutxiago izango dira antolakunde eskatzaileek bete behar dituzten izapide burokratikoak. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatutako proiektuak batera datoz andrazkoen eskubideen defentsan.
Onartu da berdintasunerako 2016-2019 V. Foru Plana
Pasa den uztailean, Foru Gobernuaren Kontseiluak Bizkaiko Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasunaren V. Foru Plana onartu zuen, 2016-2019 aldirako. Horren xedea emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzea da, hainbat neurriren bidez: mikromatxismoak gaitzestetik hasi eta maskulinitate berriak zein hezkidetza indartzera. Dokumentuak Negoziazio Mahaia eta Emakunderen nahitaezko txostena igaro ditu.
Gobernu Kontseiluak «2020rako Euskadiko erosketa eta kontratazio publiko berderako programa» onartu du
Gobernu Kontseiluak onartu du Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak prestatutako «2020rako Euskadiko erosketa eta kontratazio publiko berderako programa». Programa horren bidez, erosketa publikoetan hautatzen diren aukerek ingurumen-inpaktu txikiagoa izatea sustatuko da, betiere edozein produktuk bete beharreko ingurumen-araudian finkatutako obligazioez harantzago, eta funts publikoen erabilera eraginkorra ziurtatuta. Ana Oregi sailburuak adierazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak, Europar Batasunaren bidetik, aitortzen du kontratazio publikoak garrantzi handia duela aldaketa-tresna gisa. Hori dela eta, 2004tik aurrera, bere plan estrategikoetan eta erabaki espezifikoetan ingurumen arloko kontratazio publiko arduratsua txertatu du.»
Gernikako Arbola, bizitasunaren isla
Gernikako Arbolaren kimua, belaunaldiko bosgarrena, sendo eta osasuntsu hazten ari da. Arbasoak arazo larriak bizi izan ondoren, eta foru teknikarien I+G+B lan gogorrari esker, Euskal Herriaren askatasun ikurrak itxura oso osasungarria dauka. Drainatze-sistemaren modernizatzea eta substratuaren osaketa erabakigarriak izan dira egun dagoen haritzak arbasoek jasandako oxigeno falta eta drainatze txarra gainditzeko. Prozesu horretan, ezinbestekoa izan da, baita, Juntetxean 2015eko martxotik dagoen Quercus robur berezi honen orubea hobetzea, baita egindako kontrol fitosanitarioak ere, zeintzuen bitartez nutrizio-egoera, hostoen tamaina, klorofila eta abarrak aztertu diren.
Bizikleta elektrikoen mailegua Bilbon
Bilboko Bizikleta-mailegu zerbitzuak, Bilbon Bizi, bizikleta elektrikoen mailegurako zerbitzu bat izango du 2017an. Hala iragarri zuen Bilboko Udaleko Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen saileko zinegotziak, Alfonso Gilek, irailean egin zen Mugikortasunaren Europako Astearen hasieran.
Ibilgailu iraunkorren erakusketa bat egon zen aste horretan, eta horren baitan herritarrentzako bizikleta elektrikoen mailegurako esperientzia pilotu bat jarri zen martxan. Erakusketan azken belaunaldiko garraiobide ekologiko eta iraunkorrak izan ziren (automobilak, furgonetak, bizikletak edo motozikletak, motor elektriko edo hibrido bidez bultzatutakoak); betiko tradizionalak eta ekologikoak (pedal bidezko bizikletak, patinak eta monopatinak), eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailuak.