BAZENEKIEN?

ENERGIA

Ezkutuko kontsumoa denbora guztian sarera konektatuta dauden aparatu elektronikoen elektrizitate kontsumoa da. Izan ere, aparatu elektronikoek energia kontsumitzen dute «stand by» egoeran daudenean, edozein unetan urrutiko kontrolagailuaren bidez edo botoi bat sakatuz erabiliak izateko prest. Egindako kalkuluen arabera, ezkutuko kontsumoa etxeko kontsumo elektrikoaren % 7 eta % 11 bitartekoa da, eta hori ez da huskeria. Izan ere, IDAEren arabera, Espainiako etxe bakoitzak 3.000 kWh kontsumitzen ditu urtean, eta kWh-aren prezioa 0,13 eta 0,15 euro bitartekoa da. Beraz, ezkutuko kontsumoaren kostua urtean 32 eta 58 euro bitartekoa da.

BIODIBERTSITATEA

Jirafen populazioa ia erdira jaitsi da eta espeziea galzorian dago. 2000ko erregistroekin alderatuta, gaur egun populazioaren erdia soilik gelditzen da. Zehazki, 14 urte hauetan populazioa % 43 murriztu da, eta 100.000 jirafa inguru soilik geratzen dira. Munduko animaliarik garaienaren populazioa urritzearen arrazoi nagusiak honako hauek dira: nekazaritza, biziguneak eta landaren suntsipena artzaintzaren ondorioz.

ESKURAGARRITASUN UNIBERTSALA

«Integrazioaren alfabetoa». Horrela deitu ahal zaio Down sindromea daukan Anna Vives ekintzaile gazteak sortu duen «anna beta» lengoaia berriari. Lengoaia hori bateragarria da edozein programa informatikorekin. Ezgaitasunen bat duten pertsonen garapenerako baliabideak sustatzeko eta eskuragarritasun unibertsala errazteko asmoz sortu da. Lortzen den dirua teknologia berriak ezgaitasunen zerbitzura erabiltzen dituzten proiektuak finantzatzeko erabiltzen da, Itinerarium fundazioaren bidez. Annaren lengoaia bost kontinenteetatik deskargatzen ari da, helburu sozialekin beti. Hona hemen adibide batzuk: Barçaren uniformea, Jorge Lorenzoren kaskoa, Bartzelonan jokatutako munduko igeriketa txapelketa, elastikoak, ur minerala, agendak… Bizkaia Maiteak ere helburu sozial horrekin bat egin du, aldizkariaren zenbaki honetako atal honetan tipografia hori erabiliz, ezagut dezazuen.

ELKARTASUNA ETA GARAPENA

Krisia hasi zenetik, haurren pobrezia % 26 igo da Euskadin. 2008tik hona, krisiak 6.000 adingabe gehiago eraman ditu pobrezian erortzeko arrisku egoerara. Gaur egun, 14 urtetik beherako 33.000 haur baino gehiago (adin tarte horretako % 12 inguru) gizartean bazterturik geratzeko arriskuan daude, baliabiderik gabeko familietan bizi direlako.

GARRAIOA

Ibilgailu batek 30 km/h-ko abiaduran harrapatutako oinezko batek bizirik irteteko dituen aukerak % 90 dira. Ibilgailua 60 km/h-ko abiaduran badoa, ordea, aukerak % 5 dira. Eta 45 km/h-ko abiaduran ondorioak konponezinak izan daitezke.

INTEGRAZIOA

Martin Luther King giza eskubideen aldeko ekintzaileak ehunka mila pertsona bildu zituen Washingtongo martxan (1963ko abuztuan), arraza berdintasunaren eta afroamerikarren eskubideen aldeko borroka baketsuen erdian. 50 urte baino gehiago igaro dira, baina «ametsa oraindik ez da bete»: afroamerikarren langabezia zuriena baino bi aldiz handiagoa da, eta diskriminazio egoera horrek hispanoei ere eragiten die.

GENERO BERDINTASUNA

Gaur egun, 2001eko udal hauteskundeen ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoan 1.018 emakume zinegotzi eta alkatesa daude (udal kargu guztien % 38,8). Dena dela, estatu osoan alkatesarik gehien daukan erkidegoa izan arren, 251 udaletatik 55 bakarrik daude emakume baten agindupean (udal guztien % 22). Eudelek eta Emakundek abian jarritako «Basqueskola» proiektuak Euskadiko alkatesa eta emakume zinegotzien sare bat sortu eta sendotu nahi du, udal politikan emakumeen lidergoa indartzeko eta Euskadiko udal guztietako agenda bateratuan berdintasun politikak finkatzeko.

KONTSUMO ARDURATSUA

Elikagai ekologikoen kontsumoa gainditu gabeko ikasgaia da. Espainiako estatuko biztanleen % 85 inguruk ura eta argia aurrezten dute, % 70ek birziklatzen dute, eta ia % 67k kontsumo gutxiko etxetresna elektrikoak erosten dituzte. Hala ere, ez dute inolako ahaleginik egiten pestizida eta ongarri artifizialik gabe hazitako frutak eta barazkiak erosteko (% 15ek soilik egiten dute hori) edo okela ez jateko (% 4,4k soilik egiten diote uko). BBVA fundazioaren «Values and Worldview» ikerlanetik ateratzen diren ondorioetako batzuk dira. Europako biztanleriak ingurumenaz duen kontzientzia ebaluatzen du ikerlan horrek.

INGURUNEA

2011. urteko lurrikarak sortutako tsunamiak hondamendi ikaragarria eragin zuen Fukushimako zentral nuklearrean. Iazko udan, zentrala kudeatzen duen Tepco enpresa elektrikoak aitortu zuen istripuaren ondorioz oso kutsatuta geratu zen ura biltzen zuen tangetako batek 300 tona isuri dituela itsasora. Horrelako bosgarren gertaera izan da, eta larriena. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak salatu duenez, enpresa horrek nazioarteko arazo larria eragin du, tangak behar bezala ez zaintzeagatik.

HONDAKINAK

Birziklatzen dugun bi tona plastiko bakoitzeko, tona bat petrolio erauzteari uzten diogu. Botiletako plastikoa lo zakuen betegarri gisa edo lurzoru sintetikoak egiteko erabil daiteke, besteak beste. Eta drogeriako produktuek daukaten polietilenoa baliatuz ureztatzeko hodiak, hiriko altzariak edo zarama poltsak egin daitezke.