ALBISTE LABURRAK

Energiaren arloko laguntzak toki administrazioarentzat eta familientzat

Iazko abenduan, Bizkaiko Foru Aldundiak foru dekretu bi onartu zituen, 2014an energia eraginkortasunaren, aurrezpenaren eta energia berriztagarrien arloan emango diren laguntzak arautzeko. Laguntzak, alde batetik, toki administrazioei emango zaizkie, Tokiko Agenda 21etako planetan espresuki jasota dauden eta lehentasunezkoak diren energia eraginkortasunaren arloko inbertsio proiektuetarako, eta beste alde batetik bizilagunen komunitateei eta etxebizitza kooperatibei. Guztira 3,5 milioi euroren laguntzak emango dira, Bizkairako Energia Estrategia Iraunkorra (BEEI 2020) planaren barruan.

Bizkaiko konposta San Mames Barrian

Bizkaian bertan sortutako 300 tona konpost erabili dira San Mames Barria futbol zelaian. Konpost horren jatorria honako hau izan da: lorezaintzako hondakinak, elikagai biltegi handietako hondakin biologikoak eta bosgarren edukiontzi pertsonalizatuaren bidez bereizita bildutako hiri hondakinen frakzio organikoa. Konposta Europako araudiak jasotzen dituen parametroen arabera fabrikatu da, lau hilabetez, Arraiz mendiko Ekoparkean dagoen konposta egiteko instalazioan (Tratamendu Mekaniko Biologikorako Plantaren eta Zabalgarbi Balorizazio Energetikorako Plantaren alboan).

Foru Aldundiak eta Aranzadik Urdaibain ingurumen hezkuntza sustatzen jarraitzea hitzartu dute

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak ingurumen hezkuntzako jarduerak babestu eta finantzatuko ditu Urdaibai Bird Center-en (Gautegiz Arteaga) 2016. urtera arte. Guztira 800.000 euro jarriko ditu horretarako, 200.000 urtean. Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen du Urdaibai Bird Center, eta gaur egun hegaztien migrazioari buruzko ikerketa zentro garrantzitsuenetako bat da Europa osoan. Teknologia berriak erabiliz, ikerkuntza eta dibulgazioa lantzen ditu.

Bizkaia, berrerabilpenaren gizarterantz aurrera

Koopera Reusing Center berrerabilpenaren arloko lehen instalazio automatizatua da estatu osoan. Mota guztietako gauzak jasotzen ditu, hala nola arropa, osagarriak, oinetakoak, liburuak, jostailuak, aparatu elektronikoak eta etxetresna elektriko txikiak, besteak beste. Orain dela urte bat hasi zen lanean eta dagoeneko ondo finkatuta dago. Azpiegitura berri hori administrazio publikoen eta berrikuntza sozialeko erakundeen arteko koordinazioaren adibide argia da, BFAren laguntzarekin egin baitzen. Gainera, horrelako ekimenek ekonomia solidarioa sustatzen dute, dirua aurreztea ahalbidetzen baitiete administrazio publikoei eta herritar guztiei. Koopera Reusing Center abian jarri zenetik igaro den urte honetan, Bizkaian 2.014 tona produktu berrerabiltzea lortu du.

AIAF-2014 ARGAZKI LEHIAKETA

Famili nekazaritzak funtsezko eginkizuna betetzen du munduko elikagaien % 70en ekoizpen iraunkorrean eta ekosistemen nahiz biodibertsitatearen kontserbazioan. AIAF-2014 Famili Nekazaritzaren Nazioarteko Urteak hori nabarmentzea du helburu. AIAF-2014 Nazioarteko Argazki Lehiaketak, berriz, ikus adierazpenaren erabilera sustatu nahi du famili nekazaritzarentzat aitorpen eta babes handiagoa lortzeko.

Kanpainaren goiburua honako hau da: Famili Nekazaritza: mundua elikatu, planeta zaindu. Lehiaketara aurkezten diren irudiek famili nekazaritza iraunkor eta multifuntzionalaren indarra, ahalmena eta erronkak islatu behar dituzte, haren aniztasun osoa eta testuinguru guztiak barnebilduz. Nazioarteko argazki lehiaketa hau pertsona guztiei irekita dago, batez ere nekazariei, emakumeei eta gazteei. Irudiak jasotzeko epea 2014ko maiatzaren 1ean bukatzen da.

Informazio gehiago: http://www.agriculturesnetwork.org/photocompetition

Hiri hondakinen transferentziagune berria Igorren

Urtarrilean lanean hasi zen Igorreko hiri hondakinen transferentziagunea. Instalazio berri horretan eskualdeko hondakinak jasotzen dira, prentsatzeko eta tratatuko diren lekura garraiatzeko. Garbiker Sozietate Publikoaren bidez garatu den proiektu horrek Igorreko hiri hondakinen zabortegia ordeztu du. Transferentziagunea haren aldamenean dago, eta horrek oraingo baliabideak optimizatzea ahalbidetzen du, zabortegiko azpiegitura batzuk erabili ahal baitira (baskula eta kontrol eraikina).

Ingurumen Sailak 800.000 euro «bosgarren edukiontzia»

Ingurumen Sailak 800.000 euro erabiliko ditu bi urteko epean Bizkaiko udalerri eta mankomunitateek etxean sortutako hondakin organikoak gaika biltzeko «bosgarren edukiontzia» edo «edukiontzi marroia» instala dezaten. Eskaerak egiteko epea 2014ko urriaren 30era arte egongo da zabalik. Jarduketa horiek Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integrala 2004-2016 delakoaren barruan sartuta daude, eta plan horren helburu estrategikoa «zero isuria» lortzea da.