BAZENEKIEN?

Energia

Txina energia berriztagarrien industrian gehien inbertitzen duen herrialdea da. Hala dio NBEk babestutako XXI. Menderako Energia Berriztagarrien Politiken Sareak munduko egoerari buruz egin duen txostenak. Iragan urtearen bukaeran, Txina, Estatu Batuak, Brasil, Kanada eta Alemania ziren instalatutako energia berriztagarriei dagokienez guztizko ahalmenik handiena zuten herrialdeak. Txinak energia berriztagarrien arloan duen ahalmen berriak lehen aldiz gainditu du energia nuklearraren eta erregai fosilen arloan duen ahalmen berria. Horrek argi erakusten du herrialde batek oso azkar aldatu ahal duela bere energia politika eta aurrerapen handiak egin ahal dituela energia berriztagarrien arloan.

Biodibertsitatea

Azken hamarkadan mila espezie berri baino gehiago aurkitu dira Mekong Handia eskualdean, Asiako hego-ekialdean. Aurkitutako espezieen artean 519 landare daude, 279 arrain, 88 igel, 88 armiarma, 46 musker, 22 suge, 15 ugaztun, lau hegazti, lau narrasti eta hiru anfibio. Hori dela eta, WWF erakundeak honako gomendio hau eman du: Txina, Vietnam, Birmania, Tailandia, Kanbodia eta Laos zeharkatzen dituen ibai horren arroan, ekonomiaren garapena eta ingurumenaren babesa pobreziaren aurkako borrokarekin batzea, espezieen eta haien habitaten biziraupena bermatzeko.

Eskuragarritasun unibertsala

Espainian, 50.000 biztanletik gorako udalerrien %25,2k soilik betetzen dute taxi eskuragarrien %5eko kuota. Estatuko araudiak ezarritako helburua 2017an portzentaje horretara iristea da. Ondorio hori ateratzen da ONCE fundazioak eta Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordeak taxi eskuragarrien zerbitzuari buruz egindako azterlan batetik. 2014ko apirilean eta maiatzean 50.000 biztanletik gorako 148 udalerritan edota probintzia hiriburuetan edo hiri autonomoetan bildutako datuak erabili dira txostena egiteko. Azterlanaren arabera, %5,69k ez daukate taxi eskuragarririk.

Integrazioa

Zahartze aktiboaren aldeko proposamenak sustatzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak adineko pertsonei zuzendutako web berezi bat sortu du: www.bizkaia.net/generakzioa. Web orri berri horren bidez, Bizkaian zahartze aktiboarekin zerikusia duen informazio guztia biltzen duen atari bat eskaini nahi izan zaie hirugarren adineko pertsonei, eta beraiek lagunduko dute edukiak lantzen.

Garraioa

Denverko Unibertsitateko azterlan batek frogatu duenez, kaleetan zenbat eta txirrindulari gehiago ibili, orduan eta trafiko istripu gutxiago gertatzen dira. Azterlana Coloradoko Boulder hirian egin da. Hiri horretan txirrindulari asko daude: biztanleen %12 bizikletaz mugitzen dira. Wesley Marshall ingeniaritza zibileko irakasleak dioenez, horri esker trafiko istripu gutxiago egoten dira hiriko kaleetan. Marshall azterlanaren arduradunetako bat da.

Genero berdintasuna

Galdakaoko emakume talde batek Erlantza elkartea sortu du, berdintasuna etxean bertan eta etxetik kanpo «esnatzen» eta sustatzen lagunduko dieten hitzaldi eta ikastaroen bidez «sortzeko, hazteko eta hobetzeko» asmoz. Elkartea orain dela oso hilabete gutxi jaio den arren, dagoeneko berrogeita hamar bazkide inguru ditu. Aukeratu duten bidean aurrera egiteko, ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak eta zine-forumak antolatzen dituzte hilero, genero berdintasunarekin lotutako gaiei buruzkoak beti.

Kontsumo arduratsua

Informazio gehiago eskuratzeko eta publizitatearen gardentasun gutxiko jokabideak gainditzeko, Ivan Pardo gazte amerikarrak kontsumo arduratsurako aplikazio mugikor bat diseinatu du, ‘buycott’ izenekoa. Aplikazio horrekin, kontsumo ondasunetako barra kodeak eskaneatu ahal dira, produktuaren nutrizio ezaugarriei buruzko informazio zehatza eskuratzeko. Markari eta enpresari buruzko informazioa ere ematen du. Helburua informazioaren azken mailetaraino iristea da, erabaki bat edo beste hartzera eraman ahal gaituzten enpresa jokabideak ere gardenak izan daitezen. Besteak beste, enpresek zein alderdi politikori laguntzen dioten jakin ahal dugu (dohaintzak publikoak diren herrialdeetan), edo babesten dituzten kausei buruzko informazioa lor dezakegu, kontsumitzaileak berak kausa horiek justuak ala injustuak diren erabaki dezan.

Ingurunea

Urdaibai Bird Centerrek eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bi prestakuntza beka emateko deialdia egin dute. Beken helburuak honako hauek dira: turismoarekin loturiko karreretan titulatutako gazteei prestakuntza praktikak egiteko aukera ematea, natura-turismoarekin zerikusia duten arloetan esperientzia hartzen laguntzea eta ekoturismoaren arloko lanetan nahiz «enplegu berdea» deritzon sektorean txertatzeko bidea irekitzea. Bekadunek Urdaibaiko Biosfera Erreserban jasoko dute prestakuntza.

Elkartasuna eta garapena

Bizkaiko Gurutze Gorriak ia 9.000 boluntario ditu, gehienak 31 eta 40 urte bitartekoak (%54,94 gizonak eta %45,06 emakumeak). Erakundearen 2013ko memoriak jasotzen duenez, boluntario gehienak 31-40 adin tartekoak dira. Iazko ekitaldian, Bizkaiko Gurutze Gorriak 242.166 zerbitzu egin zituen, eta parte-hartzaileen nahiz erabiltzaileen kopurua 71.617 izan zen. 2013an Bizkaiko Gurutze Gorriak 19.494 bazkide zituen (2012an baino 792 bazkide gehiago). Pertsona horien laguntzari esker, Bizkaiko Gurutze Gorriak pertsonarik kalteberentzako ekintza plana gauzatu ahal du, eta programen egonkortasuna eta jarraipena bermatu. Honako hauek dira Bizkaiko Gurutze Gorriaren jarduera eremuetako batzuk: gizarteratzea eta enplegua, prestakuntza, Gazteen Gurutze Gorria, nazioarteko lankidetza, sorospena eta larrialdiak.

Hondakinak

Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak gidatutako Malaspina espedizioak frogatu duenez, hondakin plastikoen bost pilaketa handi daude ozeano zabalean, azaleko uraren bost zurrunbilo nagusietan hain zuzen ere. Ipar Pazifikoko plastiko pilaketa ezagunaz gain, antzeko pilaketak daude Ipar Atlantikoan, Hego Pazifikoan, Hego Atlantikoan eta Indiako Ozeanoan. Hala ere, baliteke ozeanoen erdialdeko azaleko ura ez izatea hondakin plastikoen azken helmuga. Izan ere, espedizio horrek egindako ikerlan baten arabera, badirudi mikroplastiko kopuru handiak itsasoko bazka-sarera eta ozeanoen hondora iristen ari direla.