ALBISTE LABURRAK
Artea gizarteratze tresna gisa
Bizkaiko Foru Aldundiak Amiarte zentroko hamabi plaza finantzatzen ditu, gizartean bazterturik dauden pertsonei zuzendutako eguneko zerbitzu bat emateko. Artearen bidez beren errealitatea aldatu nahi duten pertsonen garapen pertsonala, gaitasunak eta trebetasunak sustatzen ditu baliabide horrek. Zerbitzua Bilboko Gordoniz kalean dagoen arte tailer batean ematen da. Gizarteratzearen arloko beharrei erantzun nahi dien eguneko zerbitzua da (lanean hasi aurreko / lanerako prestakuntzarako tailerra) eta, beraz, egunean zehar ordutegi zabala daukan ekipamendu hurbil eta malgua da.
Ura eta saneamendua: egoera eta etorkizuneko erronkak Euskadin eta munduan

Iragan ekainean, Urari buruzko Mundu Txostena aurkeztu zen Euskadin, Simone Gregoren eskutik. Simone Grego txostenaren koordinatzailea da, eta Nazio Batuen Erakundeko aditua ur kontuetan. Batetik, planetako ur gezaren egoera orokorra aurkeztu zen, batez ere energiari dagokionez. Bestetik, gure autonomia erkidegoko egoera zehatza aztertu zen, uraren eta saneamenduaren arloko politikak eta kudeaketa nabarmenduz.
Txostena aurkeztearekin batera, Asier Reino argazkilariaren WC: Errealitate desberdinak erakusketa inauguratu zen Bilboko Itsas Museoan. Erakusketa urriaren 5era arte egongo da zabalik. Asier Reinok komunen eta konketen argazkiak egin ditu, mundu zabalean saneamenduaren egoera zein den erakusteko asmoz. Erakusketako irudiek giza eskubideen egoeraren berri ere ematen dute.
UNESCO ETXEA: Unescoren Ondare Immaterialeko batzordearen aurrean akreditatutako GKE
Iragan ekainean, Kultur Ondarea Babesteko Konbentzioko Estatuek Batzar Orokorraren bosgarren bilera egin zuten, eta UNESCOren Kultur Ondare Immateriala Babesteko Batzordearen aurrean GKE aholkularia izateko akreditatu zuten UNESCO Etxea, beste 21 GKErekin batera.
Kulturaren eta garapen iraunkorraren arteko lotura gero eta aitortuagoa da nazioartean. Bestetik, klima aldaketa, komertzializazioa eta turismoa ondare immaterialak dituen erronka nagusietako batzuk dira.
Bizikleta, hirian nagusi

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak estatuko 16 hiritan egin duen inkesta baten arabera, dagoeneko bizikleta garraiobiderik ohikoena da bost pertsonatik batentzat. Sasoian egoteko erarik atseginenetako bat izateaz gain, bizikleta hiri barruan 1 eta 8 kilometro bitarteko distantziak egiteko garraiobiderik azkarrena, merkeena eta ekologikoena da. Horregatik, inkestaren emaitzak oso pozgarriak dira.
Valentzian, Gasteizen eta Zaragozan biztanleen %45ek astean behin gutxienez erabiltzen dute bizikleta. Bilbon eta Madrilen, berriz, txirrindularien portzentajea %19 da.
Eskoziako arrano arrantzaleak Urdaibain

Bigarren urtez jarraian, iragan uztailean Eskoziako Gobernuak emandako hamaika arrano arrantzale iritsi ziren Urdaibaiko Erreserbara, espezie hori leheneratzen laguntzeko. «Arrano arrantzalea Urdaibain berreskuratzeko proiektua» Bizkaiko Foru Aldundiko teknikari talde batek, Urdaibai Bird Centerrek eta animalien birpopulaketan espezializatutako adituek zuzentzen dute. Urdaibaira iritsitakoan, arrano gazteak aklimatazio eremura eraman zituzten, eta hor egongo dira hegan egiteko gai izan arte. Orduan, paduretan askatuko dituzte.