ALBISTE GEHIAGO

Bizkaiko burdinolen aztarnategirik zaharrena Urkiolako Parke Naturalean dago

Bizkaiko Foru Aldundiak Urkiolako Parke Naturaleko beste kultur baliabide bati balioa ematen lagundu du. Bizkaiko haizeolen edo mendiko burdinolen aztarnategirik zaharrena da. Karbono-14aren bidez egindako datazioaren arabera, garai erromatar berantiarrekoa da. Horrelako aztarnategi arkeometalurgikoak oso ugariak dira Bizkaian (170 baino gehiago daude gure Lurralde Historikoan). Akalarra funtzionamenduan zegoen K.o. IV. eta V. mendeetan. Ikerketarako beharrezkoak ziren karbono-14 probak Foru Aldundiko Kultura Sailak finantzatu ditu.

Industriaurreko instalazio horiek lursail pribatu batean daude, Dimako Iturriotz auzoan. Hala ere, aztarnategiaren ingurura sartzea baimenduta dago, eta orain dela gutxi interpretazio panel bat jarri dute, eremu horretara hurbiltzen diren bisitariek eta ibiltariek tresna egokia izan dezaten Parkeko kultur baliabide hau eta, oro har, Bizkaiko historia zabaldu ahal izateko. Aztarnategiari balioa emateko ekimen hori Urkiolako Parke Naturalaren 25. urteurrenaren harira egin da.

«Ballena Blanca» jaio da, ekonomiari eta ingurumenari buruzko aldizkari berria

Ballena Blanca «kazetaritza kritikoa eta kalitatezkoa» egiten duen argitalpen bat da, 80 orrialdekoa. Ingurumena, ekonomia eta gaur egungo ereduaren alternatibarik ez dagoela zalantzan jartzen duten istorioak jorratzen ditu.

http://www.ballenablanca.es

Clemente Alvarez, Sara Acosta eta Alex Fernandez Muerza ingurumen kazetariek sortutako eta gauzatutako proiektu honen helburua kazetaritza independentea, zorrotza eta kritikoa egitea da, aldizkaria babestuko duten eta ingurumenari nahiz ekonomiari buruzko informazio ona jaso nahi duten harpidedunen laguntzarekin. Aurten bi zenbaki argitaratuko dituzte. Lehena apirilean plazaratu zen, eta The Simpsons marrazki bizidunetan inspiratutako pertsonaia bat agertzen zen lehen orrialdean, honako izenburu honekin: «El lío eléctrico explicado a Homer». Bigarren zenbakia urrian argitaratuko da.