EDITORIALA
Naturaren kontserbazioa, egungo eta etorkizuneko konpromiso aktiboa
Bizkaia aurrera doa garapen iraunkorrerantz, Euskadiko nahiz Europako jarraibideak betez Foru Aldundiak egiten duen lanaren bidez. Horretarako, eta iraunkortasunaren ikuspegi integral batetik, naturaren kontserbaziora bideratutako politikak eta neurriak gauzatzen dira, gure Lurralde Historikoko ingurumenaren kalitatea hobetzeko asmoz. Hala, natur ondarea babestea eta ingurumen baliabideak era iraunkorrean erabiltzea helburu, lurraldearen garapen orekatua eta gure kultur paisaia oparoak gordetzen dituen altxorren gozamena bilatzen da.
Bizkaian mota askotako lekuak daude, oso desberdinak. Geodibertsitate eta biodibertsitate handiko lurraldea da gurea, eta paisaia erdinaturalak, landa eremukoak, itsasertzekoak nahiz hirikoak ditu. Guztietan animalia eta landare espezie interesgarriak aurki ditzakegu, eta azaleratze geologikoak nahiz antzinako arrokak nonahi. Hor kokatzen dira kontserbazioaren arloko erronkak ere, hala nola espezie interesgarriak babestea eta espezie exotiko inbaditzaileei aurre egitea.
Naturaguneak (parke naturalak, biotopo babestuak, zuhaitz bereziak, Natura 2000, biosfera erreserba) babesteko eta kudeatzeko figuren bidez, jarduteko printzipio iraunkor horiek bermatu nahi dira, orain eta etorkizunean. Zeregin horretan elkarlanean aritzen gara instituzioak, eragile aktiboak, naturagune horietako biztanleak eta Bizkaiko herritar guztiak. Foru Aldundiaren jardunbideari dagokionez, nik zuzentzen dudan sailak ahalegin handia egiten du aurrekontuaren arloan eta oso profesional onak ditu jardunean ardura honetan. Helburua natura babestea da, gure lurraldeko paisaien edertasuna, ekosistemen adierazgarritasuna eta floraren, faunaren nahiz dibertsitate geologikoaren berezitasuna aintzat hartuz. Ildo horretan, geure egiten ditugu ekologiaren, zientziaren eta paisaiaren arloko balioak, oinarri gisa hartuz eta arreta berezia eskainiz. Txikitatik lantzen ditugu balio horiek guztiak, ingurumen hezkuntzaren bidez eta parketxeek egiten duten lanaren bitartez. Izan ere, gure baso eta zelaietako landarediaren edertasunaz gozatzeak, sai zuriaren hegaldia ikusteak edo Matxitxako lurmuturretik izurdeak begiztatzeak berebiziko balioa du.
Natur ondare oparo hori gure arbasoengandik jaso dugun altxorra da, baina, batez ere, oraingo eta etorkizuneko aktibo garrantzitsua. Zenbaki honetan Bizkaiko naturagune babesturik adierazgarrienak erakutsiko dizkizuegu, haien urteurrenaren harira. Bisitatu! Ezagutu! Zaindu! Gozatu!
Iosu Madariaga Garamendi
Ingurumen foru diputatua