EDITORIALA
Bizkaiko natur ondarea ezagutu, balioetsi eta gozatu
Orain dela gutxi, oso ekitaldi hunkigarria egin zen Meatzaritzaren Museoan (Abanto-Zierbena), Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkearen Interpretazio Zentroa irekitzea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatzeko, eta guretzat oso pozgarria izan zen ekitaldi horretan parte hartzea. Bere ingurune natural eta sozialarekin lotura estua duen museo horri esker, herritarrek hobeto ezagutu ahalko dituzte meatzaldeko geodibertsitatea, biodibertsitatea eta kultur paisaia. Izan ere, meatzaritzarekin eta Trianoko mendietako etorkizuneko biotopo babestuaren balioekin lotutako museo jarduerak bildu dira parke berrian.
Foru Aldundiak aspaldi hartu zuen Bizkaiko natur ondarea eta balioak ezagutarazteko konpromisoa. Konpromiso horren oinarria Armaņongo, Gorbeiako eta Urkiolako parke naturaletako Parketxeak dira. Hala ere, Foru Aldundiaren jarduna berak kudeatzen dituen instalazio horietatik harago doa. Hala, Madariaga Dorretxea (Euskadiko Biodibertsitatearen Interpretazio Zentroa) zaharberritzeko eta irekitzeko lanak finantzatu zituen Eusko Jaurlaritzarekin batera. Halaber, diru laguntzak eman ditu udalek sustatutako hainbat zentro irekitzeko, hala nola Marierrota marea errotako zentroa (Mendexa) edo Bengolako energia berriztagarrien zentroa (Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz). Natur balioak ezagutarazteko aitzindariak diren beste ekipamendu batzuk ere sustatu ditu, hala nola Getxo Aquarium edo Urdaibai Bird Center abifaunaren zentroa (Gautegiz Arteaga).
Ingurumen hezkuntzaren arloko lana iraunkortasunerako hezkuntzaren kontzeptuan txertatzen da, eta ez da ikastetxeetara mugatzen. Horrez gain, lan handia egiten ari da Bizkaiko bazter guztiak zeharkatzen dituzten ibilbide eta bidezidor interesgarrien balioa nabarmentzeko. Lan horrek Bizkaiko Mendizale Federazioaren abala dauka, orain dela gutxi Armaņongo eta Urkiolako parke naturaletako ibilbide garrantzitsu batzuk homologatu baititu.
Goian aipatutako adibideetatik askoz harago, Bizkaiko Foru Aldundiak erabateko konpromisoa du gure lurraldeko natur, kultur eta paisai ondarea ezagutarazteko. Bizkaia21 atarian egiaztatu ahal duzu hori (www.bizkaia21.net). Orain zure txanda da. Hurbildu ondare horretara, behar bezala balioetsi, zaindu eta gozatu. Merezi duzu.
Iosu Madariaga Garamendi
Ingurumen foru diputatua