EDITORIALA

Bizkaia iraunkorragoa

Bizkaiak ahalik eta maila gorena lor dezala garapen iraunkorrari dagokionez. Hori da Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailean, Nekazaritza eta Ingurumena biltzen dituenean, gure buruari jarri diogun helburua. Atal horiek biak batze hutsak gure zerbitzuak koordinatzea dakar, eta horrela egiten dugu lan, Bizkaiko ingurune naturalaren iraunkortasuna bermatzearren, hori baita esku artean daukagun erronkarik handiena.

Horretarako, Bizkaia 21 programan jasotako jarduera-ildoak garatzen jarraituko dugu, bertan biltzen baita Aldundiak garapen iraunkorrerako duen estrategia, eta, gainera, helburu horixe bera lortzeko diren beste ekintza estrategiko batzuek ere abiatuko ditugu.

Datozen lau urteetan bultzada berria emango diogu lehen sektoreari; lan egingo dugu modernizatzeko bai gure kudeaketa, bai sektoreko profesionalek harremanak izateko dugun modua; eta estutu egingo ditugu haiekin ditugun loturak, lantzen ditugun politikak beren beharrizan errealetara egokituta egon daitezen. Berdintasunez sustatuko dugu Bizkaiko janari-produktuen ekoizpena, posizionamendua eta merkaturatzea. Eta ahal dugun guztia egingo dugu ingurumenari dagokionez, arlo horretan «Alemania txikia» izaten jarrai dezagun. Konpostajeari bultzada ematea –konpost-guneak egingo dira gure lurraldeko eskualde periferikoetan–, natur guneen kudeaketaren plangintza martxan jartzea eta orain arte garatutako estrategia energetikoaren aldeko apustua: horiek dira, besteak beste, aurrera eramango ditugun ekintza zehatzetako batzuk.

Eta, batez ere, aurrera egingo dugu eta gure helburua lortzeko eraginkorrak diren egiteko modu berriak erabiliko ditugu. Hain zuzen ere, Bizkaiko udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinatu beharko gara horretarako, denon ahalegina batu gura dugu-eta Bizkaia iraunkorragoa lortzeko helburu horretan.

Elena Unzueta Torre

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko foru diputatua