EDITORIALA

Lagun iezaguzu gure hondartzan zaintzen

Urtaroa pasa eta berria heldu da. Argi-ordu kopuruan igartzen da, tenperaturaren igoeran … eta hondartza denboraldia heldu da ere bai!

Ekainaren 1etik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri zituen gure hondartzetako zerbitzu guztiak. Hori lortzeko, urte osoan zehar egiten dugu lan; baina esfortzu berezia egiten ari gara apiriletik hona, orduan hasi baikinen benetan koipeztatzen honek guztiak ondo funtzionatzeko beharrezko makineria.

88 dutxa-oinarri jarri ditugu, 334 ihinztagailu, 58 iturri, 725 zakarrontzi eta bidoi, 67 parrillazko plataforma, 47 oin-garbigailu eta 1.950 metro egurrezko pasabide. Zerbitzu hauek eskaintzen dira: 173 pertsonak osatutako Salbamendu eta Sorosle zerbitzua, 31 hondartzain hondartzetako segurtasuna zaintzen, egunero lanean aritzen den 88 pertsonako garbiketa-taldea, salbamendu-ontzi berriak, garbiketa-makina berriak … Hondartza Denontzat zerbitzua ere badago, urritasuna duten pertsonek bainatzeko laguntza izan dezaten La Arena, Ereaga, Plentzia, Gorliz (Astondo), Laidatxu eta Lekeitioko hondartzetan.

Dena dago prest. Lana eginda dago. Pieza garrantzitsu bat baino ez da falta: zeu. Zeuek, Bizkaiko hondartzetara joaten zareten pertsona guztiak, esfortzu honen hartzaile zareten horiek. Egindako lan guztiak, emandako urrats guztiak … hondartza denboraldian espazio hauetaz gozatu ahal izateko pentsatuta daude. Zuek zaindu nahi zaituztegu gure hondartzetan. Gure hondartzak zaindu nahi ditugu, zuentzat. Eta zaintza-lan horretan lagun gaitzazuen nahi dugu: ekipamendu guztiak errespetatuz, hondartzak garbi mantenduz, erabiltzaile guztiekiko errespetuz jokatuz …

Bizkaiko Foru Aldundian gure harri-koxkorra jartzen dugu geure hondartzak kalitate eta zerbitzu onaren erakusle izan daitezen. Jar ezazu zeuk ere zeure harri-koxkorra hori lortzeko.

Eskerrik asko!

Elena Unzueta Torre

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko foru diputatua