EDITORIALA

Espazio naturalak; geureak, guztionak

Ziur nago, Bizkaia definituko duen kolore bat aukeratzeko esango baligute, pentsatu ere egin gabe zera esango genukeela: berdea. Ez da kasualitatea. Tamainaz txikia izan arren, balio handiko espazio naturalak dauzkagu gurean. Horren seinale dira gure hiru parke naturalak: Gorbeia, Urkiola eta Armańon; baita biotipo babestuak, zuhaitza bitxiak eta Natura 2000 sarea ere, edota gure baso ugariak, pagadiak, hariztiak… Natura gure esentziaren eta gure izatearen parte da; hor dugu Gernikako arbola.

Horrela izaten jarrai dezan, guztien inplikazioa behar da. Bizkaiko Foru Aldundiak zaintzen ditu gure mendiak, 45 atsedenlekuak, basoak, parke naturalak… baina zuk ere zeure harri koxkorra jarri behar duzu zeregin horretan. Espazio horietan zaudenean, izan kontuan Bizkaiko pertsona guztien ondarea direla, geure etxea direla, eta horrexegatik zaindu behar ditugula.

Uda naturara hurbiltzeko garai aparta da. Eguraldi onak hartara garamatza. Eta, uda da, baita, leku horien kontserbaziorako unerik «kritikoena». Ohi baino jende gehiagoren joan-etorriak kolokan jartzen du gunea, gure ingurua zaintzeko dugun gaitasuna neurtzen baita orduan. Hori dela eta, gune horiek zaintzen lagun dezazun eskatzen dizugu; ez utzi zaborra lurrean, errespetatu inguruan duzuna, hartu behar besteko neurriak sua pizterakoan …

Jakin badakizu natura-guneen arrisku nagusietakoa suteak direla. Bizkaian, baso-suteetarako larrialdi-plan berria estreinatuko dugu aurten, horrelako baten aurrean erantzuteko gaitasuna hobetze aldera. Plana beharrezkoa da, jakina; baina, zalantzarik gabe, askoz hobea litzateke horrelakorik martxan jarri behar izango ez bagenu.

Guk bezala, Bizkaia beltza ez eta Bizkaia berdea izan nahiago baduzu, mesedez, bete itzazu sua pizteko ezarritako segurtasun-neurri guztiak; egizu sua hartarako baimendutako guneetan soilik, ez egin muzin arlo horretan ezarritako debekuei. Zuhurtziaz jokatu.

Rosseauk zioenez, bada begi guztientzat beti irekita dagoen liburu bat: natura. Gure lurraldeari dagokion atala irakurtzeko gonbitea luzatzen dizut; irakurri ezazu gogoz, eta gozatu, atal hau berdingabea eta errepika-ezina da eta. Zaindu ezazu, errespetatu, eta maitatu.

«Berdez pentsatu, Lurrak urdin izaten jarrai dezan»

Elena Unzueta Torre

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko foru diputatua