EDITORIALA

Ingurumen arloko dibulgazioarekiko konpromisoari eusten diogu

Bizkaia Maitea aldizkariaren udazkeneko zenbakia duzue esku artean. Mende laurdeneko etapari emango diogu amaiera.

Azken 25 urteotan, argitalpen honek naturarekiko errespetua hedatzen lagundu digu eta gai ugariren gaineko informazioa helarazi. Halaber, ingurumenaren inguruko kontzientzia zabaltzen lagundu digu, baita gizarte iraunkorrago baten alde laguntzeko interesa pizten ere. Bizkaia Maiteak lortu egin du ezarritako helburua, eta agur esango digu orain, paperean argitaratzeari utziko baitiogu. Baina, Bizkaiko Foru Aldundiak bere horretan mantentzen du ingurumen arloko dibulgazioarekiko konpromisoa.

Bizkaitarrok ez dugu berriro aldizkari honen paperezko ediziorik jasoko, baina Aldundiak ingurumen arloan martxan jarriko dituen ekimen guztien berri izaten jarraituko dugu. Gure webgunea www.bizkaia.eus arduratuko da horretaz. Baina webgunea ez da informazioa jasotzeko baliabide bakarra izango. Izan ere, ekimen asko garatzen dira arlo honetan; eta horrela izaten jarraituko du. Ekimen horietan, gainera, jendearen parte-hartzea jaso nahi da, horregatik, oso garrantzitsua da zure ekarpena. Aribidean dauden proiektuen adibide asko aipa genitzake, baina oraingo honetan bi nabarmenduko ditugu: Aktibatu+ programa eta Parketxeetan egiten den lana.

Aktibatu+ programak herri partaidetza sustatzen du ingurumen iraunkortasunaren alde; ingurumen arloan jardunbide egokiak ezartzera bideratuta dago, eta ohitura egokiak eskuratzea du helburu, baita praktika positiboen bitartez hobekuntza ekonomikoak lortzea ere. Aurten, udazkenean jarriko da martxan proiektua Ezkerraldea, Enkarterri eta Meatzaldeko ikastetxeetan, eta familien zein partikularren parte-hartzea ere jasoko da hurrengo asteetan. Programa honen aurreko lau faseetan, 27.000tik gora ikaslek eta 2.000 familiak baino gehiagok parte hartu dute, iraunkortasunaren alde euren harri koxkorra jarrita. Zeuk ere hala egin dezazun animatzen zaitut.

Anima zaitez, baita, gure parketxeetan eskaintzen diren jarduerak ezagutzera: Armañon, Gorbeia eta Urkiolako parke naturaletako interpretazio zentroetan dagoen erakusketa iraunkorra, mendira txangoak, nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietara bisitak, ingurumenari buruzko tailerrak… Antolatzen diren ekimen guztiek inguru naturala ezagutu, maitatu eta zaintzen laguntzen digute, eta asko dira, gainera!

Hau da gure helburua: ingurumena ezagutarazi, maitatu eta zaintzea. Hori izan da Bizkaia Maitearen xedea eta horixe da Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasun eta Ingurumen Sailetik antolatzen ditugun ekintza guztien filosofia. Horregatik, ingurumen arloko gaiekiko jakin-min eta inplikazioari eustera animatzen zaitut, eta egunerokotasunean burutzen ditugun jarduerak jarraitzeko gonbita luzatzen dizut. Horretarako leihoa zabalik duzu www.bizkaia.eus webgunean. Geuk Bizkaia berdeagoa lortzeko bidean lanean jarraitzeko konpromisoari tinko eutsiko diogu.

Elena Unzueta Torre

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatua