EDITORIALA

Bizkaia Maitea, gure aldizkaria, etapa berri batean da

Zenbaki honekin Bizkaia Maitea aldizkariaren etapa berri bat abiatzen dugu. Pertsona guztiak eta Bizkaia bera aldatzen joan dira denborarekin, eta BMk ere berritze-bide luzea egin du joan den mendeko laurogeiko urteetan jaio zenetik. Horretarako, joera berrietara eta unean uneko premia eta aukeretara egokitzen joan da. Bidaia horretan, oso baikorki baloratzen ditugu urte hauetan Bizkaia Maitearekin bidea partekatu duzuen guztion babesa eta fideltasuna.

Berrikuntzaren aldeko apustu berri honekin, harrotasunez esan dezakegu BM inoiz baino gaurkoagoa dela, denboran zehar eboluzionatzen jakin duelako. Gaur egun helduaroan da bete-betean. Izan ere, BM aldizkaririk zaharrenetako bat da ingurumen-hezkuntza –orain iraunkortasunerako hezkuntza- lantzen duten eta oraindik ere gizarte osoaren zerbitzura dauden argitalpenen artean.

Edukiari dagokionez ere aldizkariak bilakaera nabaria izan du: hasieran ingurumenari buruzko aldizkaria zen nagusiki, baina apurka-apurka iraunkortasunaren arloko beste gai batzuk ere jorratzen joan da, jatorrizko genea galdu barik baina iraunkortasun sozial, ekonomiko eta kulturalarekin zerikusia duten gaiak ere jasoz. Eta ildo hori finkatzen jarraituko dugu, Bizkaiko gizarteari Garapen Iraunkorraren bidean laguntzeko eta bultzada emateko.

Beraz, aurrerantzean ere gaurkotasun handiko eta interes orokorreko gaiak jorratuko ditugu, iraunkortasunaren ikuspegitik beti, hala nola ingurumena, kultura, ekonomia, gazteria, emakumea, gobernantza…, hala Bizkaikoak nola Euskal Herrikoak eta nazioartekoak. Eta mota guztietako irakurle zorrotzengana iristen saiatuko gara hemendik aurrera ere, aldizkariaren irakurleak beti izan baitira zorrotzak.

Horretarako, multimedia-bertsioa eta teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak garatzen eta hobetzen ahaleginduko gara. Halaber, jorratzen ditugun gaien edukiak aberasten eta erakargarriago egiten saiatuko gara.

Horiexek dira BMtik landu nahi ditugun asmo berrituetako batzuk. Gainera, etapa berri bat abiatzen dugula argi adierazteko, «look» aldaketa egingo dugu argitalpenaren marka eta diseinu batzuetan. Zuen gustukoak izatea espero dugu eta, edonola ere, horren inguruko ekarpen edo iritzien zain geratzen gara. Beti bezala, ongi etorriak izango dira.

Foru Aldundiaren aldetik, aldizkaria zuen sare sozialetan zabaltzeko eskatzen dizuegu (familia, lagunak, elkarteak).

Eskerrik asko

IOSU MADARIAGA GARAMENDI

Ingurumen foru diputatua