EDITORIALA

Inbertsioen arloan zintzotasuna posiblea eta beharrezkoa da

Sozialki arduratsuak diren inbertsioak egiteko, irizpide etikoak, sozialak eta ingurumenaren arlokoak txertatu behar dira inbertsioak erabakitzeko prozesuan, finantzen eremuari dagozkion likidezia, errentagarritasun eta arrisku irizpideekin batera eta era osagarrian.

Bizkaiko Foru Aldundiak finantza eta inbertsio entitateekiko elkarlana sustatzen du, finantza produktu iraunkorren eskaintza eta eskaria bultzatzeko asmoz. Eskaintzari dagokionez, helburua da inbertsioen kudeatzaileek gizartearen, ekonomiaren, ingurumenaren eta kulturaren arloko erantzukizun irizpideak aintzat hartzea finantza produktuak definitzeko orduan. Eskariari dagokionez, berriz, inbertitzaileek irizpide horiek beren inbertsio erabakietan txertatzea da helburua.

Bi gauza lortu nahi dira horren bidez: batetik, enpresek beren kudeaketaren iraunkortasuna hobetzeko pizgarriak jasotzea finantza merkatutik; bestetik, inbertitzaile partikularrek inbertitzeko era etikoak (iraunkorrak) barneratzea eta erabiltzea.

Nazio Batuen Erakundeak Inbertsio Arduratsurako Printzipioak ezarriak ditu (http://www.unpri.org/), Idazkari Nagusiaren ekimenez eta PNUMAko Finantza Ekimenaren eta Mundu Itunaren bidez garatuta. Behean ageri den loturaren bidez eskura ditzakezue printzipio horiek.

Inbertsio etikaren eremuan, ingurumena zaintzeak goi mailako lekua izan ohi du inbertitzaile sozialki arduratsuen agendan. Izan ere, ingurumena guztion ondasuna denez, guztion ardura ere bada.

Bizkaia Maitea aldizkaritik gonbidapena egiten dizuegu banku jarduerek, inbertsioek eta negozioek gizartean eta ingurumenean duten eragina azter dezazuen eta dirua kudeatzeko orduan erabaki arduratsuagoak eta etikoagoak har ditzazuen, www.bizkaia21.net atarian aurkituko dituzuen dokumentuak irakurriz eta aurreko zenbakian aurkeztu genizuen Ethica izeneko mahai jokoaren bidez.

IOSU MADARIAGA GARAMENDI

Ingurumen foru diputatua