EDITORIALA
Bizkaia, pauso sendoz aurrera energiaren arloan
Azken hamarkadotan, Bizkaiko Foru Aldundiak ekimen ugari sustatu ditu gure Lurralde Historikoko ingurumenaren kalitatea, udalerriak eta pertsonen ongizatea hobetzeko. Ingurumena hobetzeko lan etengabe hori bizkaitar guztien ingurumen-kontzientziazioari, inplikazioari eta parte-hartze aktiboari esker egin ahal izan da. Mezua argia da: Bizkaiko errealitate sozial oparoa osatzen duten pertsona eta eragile guztiek era aktibo eta positiboan esku hartzen badute, aurrera egin ahal dugu garapen iraunkorraren bidean.
Zalantza izpirik gabe, ingurumenaren kalitatea hobetzeak on egiten die pertsonen bizi-kalitateari, ingurunearen osasungarritasunari eta ondarearen kontserbazioari. Eta oso onuragarria da ekonomia berdearekin lotutako jarduera sektoreei eta enplegu eskaintzari begira ere. Beraz, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik iraunkortasun integralaren alde egiten den apustua da.
Orain, Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat egin du, Bizkairako Energia Iraunkorreko Estrategia (EESB 2020) onartuz. Energia elementu funtsezkoa eta estrategikoa dela abiapuntutzat hartuta, eredu energetiko berri bateranzko bidean Bizkaiak dituen erronkak zehazten dira estrategia horretan. Diagnostiko zorrotza egin ondoren eta energiaren arloko mendekotasun handia errealitate gordina dela kontuan izanik, EESBk honako erronka energetiko hauek jasotzen ditu: energia gutxiago kontsumitzea eta eraginkortasun energetikoa hobetzea; petrolioarekiko eta gas naturalarekiko mendekotasun handia murriztea; kontsumo energetikoa jarduera ekonomikoaren eboluziotik bereiztea; eta jarduera energetikoa ondare natural eta kulturalaren kontserbazioarekin bateratzea.
Gure jokabidea hobetu behar dugu, eta energia gutxiago kontsumituz egin dezakegu hori. Halaber, energiaren autohornikuntza maila igo behar dugu –Euskadiko energia berriztagarriaren heren bat Bizkaian ekoizten da-. Era berean, nazioartean erreferentzialak diren puntako enpresak ditugu Bizkaian, eta horrek balio handia du. Azkenik, energiaren arloan ingurumenarekiko jokabidea hobetzeak on egingo die Bizkaiko baliabideei eta jatorrizko ondareari.
Foru Aldundiaren barruan, Ingurumen Sailak energiaren arloko jarduketak koordinatzeko konpromisoa hartu du, ingurumen politika integratu bat garatzeko helburuarekin. Lurraldeari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundia elkarlan estuan arituko da energiaren arloko eragile publiko eta pribatu guztiekin, energia aldaketarako palanka, aukera eta aurrera egiteko bidea izan dadin.
Guztion artean, Bizkaia berri bateranzko bidea egin dezakegu energiaren arloan.
IOSU MADARIAGA GARAMENDI
Ingurumen foru diputatua