BILDUMATZEKO FITXAK
Lawson altzifrea
Chamaecyparis lawsoniana
600 urte ere bizi daiteke
Estatu Batuetako mendebaldetik datorren zuhaitza izan arren, oso ugaria da gure lurraldean, batez ere baso-ustiapenetan eta lorategietan. XIX mendearen erdialdean Europan sartu zuen Lawson & Son Nursery izeneko konpainia eskoziar batek eta hortik hartu zuen izena. Bere habitat naturalean, konifera hori 600 urtera eta 70 metroko altuerara ere heldu daiteke. Hala ere, Bizkaian ez du 50 metroko altuera gainditzen, normalean. Egurra iraunkorra eta arina da, horregatik dauka garrantzia basoan. Hostoek usain berezi bat ematen dute eskuz igurztean, perrexilaren antzekoa.
Kakalardo
Oxythyrea funesta
Bizkaiko kakalardorik arruntenetakoa da
Cetoniidae familiako intsektu helduak maiatza aldera agertzen dira eta uda amaiera arte ikus daitezke. Paleartiko osoan zehar dago eta gure lurraldean oso ugaria da, bai itsas mailan, baita kota altuetan ere. Espezie askotako loreetan ikus dezakegu. Intsektu fitofagoa da. 8 eta 12 milimetro bitarteko neurria du. Beltza da, baina orban zurixka deigarri batzuk ditu, batetik bestera kopuruan eta kokapenean aldatzen direnak. Hegan egiten duenean erlearen antzeko zarata bat egiten du.
Txirri kurlinta
Calidris ferruginea
Txikia izan arren, oso urrunera migratzen du
Zangaluze bizkor horrek distantzia handiak egin ditzake. Siberiako tundran ugaltzen da eta Afrikan pasatzen du negua batez ere, baina Asiako hegoaldean eta Ozeanian ere egin dezake. Beren migrazioan, animalia horietako batzuek gure komunitatean geratzen dira atseden hartzen. Euskal hezeguneak oso garrantzitsuak dira hegazti migratzaile honentzat eta beste batzuentzat, beraz, mantendu egin behar ditugu. Txirri kurlintak izen hori dauka bere moko luze eta apur bat okertua kurlintarenaren antzekoa delako. Txirri kurlinta mehatxupean dago; egoera horren arrazoi nagusiak dira bere ugalketa-eremuan gizakiok dugun eragina eta negua pasatzen duen eremuetan beren habitata murriztu egin dela.
Astalikardu
Silybum marianum
Izena Erdi Aroko kondaira batetik datorkio
Belar motako landare eder bat da, 1,80 metroko altuera ere har dezakeena. Erdi Aroko kondaira baten arabera, Ama Birjinak landare horren hostoak erabili zituen Jesus haurra Herodesen soldaduengandik babesteko. Ihes egiteko unean, bere bularreko esne tanta batzuk jausi ziren hosto horien gainera eta gaur egunera arte iraun dute gertaera hori gogoratzeko. Horregatik, Erdi Aroan emakumeei landare hori gomendatzen zitzaien, esne gehiago edukitzeko. Mitoak mito, propietate sendagarri ugari ditu, eta arrazoi horrengatik hainbat herrialdetan landatzen da. Europako hegoaldekoa, Afrikako iparraldekoa eta Ekialde Ertainekoa da jatorriz.