BILDUMATZEKO FITXAK
Banbu japoniarra
Fallopia japonica
Egun berean 10 zentimetro ere haz daiteke
Asiako ekialdean du jatorria, baina Europatik eta Ipar Amerikatik hedatu da. Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren arabera, munduko 100 espezie inbaditzaile txarrenen artean dago. Haren sustraiak oso azkar hazten dira, eta, kontrolatzen ez direnean, hormak bota, zimenduak zulatu eta zoladurak eta hustubideak apurtzeko gai dira. Oso zaila da erauztea; zentimetro eskas bateko zurtoin txiki batean ere ugaldu daiteke. Ingalaterrako Victoria Erreginak sartu zuen Europan bere edertasun eta oparotasunagatik; gaur egun, Erresuma Batuak urtean 150 milioi euro gastatzen ditu erauzten saiatzeko. Zoritxarrez, gure lurraldean ere badago.
Armiarma arrantzalea
Dolomedes fimbriatus
Uretan sartu eta ornodun txikiak harrapa ditzake
Leku hezeetan bizi ohi da, ur geza dagoenean, lasterra nahiz geldia. Ingurune urtarrera bikain egokituta dago, eta erraz urperatu eta ur-azalean flota dezake. Batez ere intsektuak jaten ditu, baina zapaburuak eta arrain zein igel txikiak ere harrapa ditzake. Emeek 30 mm ere izan ditzakete, eta arrek ez dute 18 mm-ko tamaina gainditzen. Kolore arre ilunekoa da, eta gorputz osoa zeharkatzen duten kolorezko bi marra deigarri ditu, horixkak edo zuriak. Europan eta Asiako zati batean hedatu bada ere, zaila da armiarma hau aurkitzea, eta Iberiar Penintsulan oso gutxitan aipatu da. Zenbait ezagutzen dira Bizkaian eta Araban.
Gailurretako uhandrea
Ichthyosaura alpestris
Munduko uhandrerik ederrenetako bat
Araldian, arrak kolore deigarriak ditu, eta horren ondorioz, zalantzarik gabe, munduko urodelorik ederrenetako bat da. Ez ditu 11 zentimetroak gainditzen. Urteko zati luze bat uretan igarotzen du, betiere 25ºC baino gehiagotara ez badago. Batik bat egunsentikoa eta gauekoa da, eta jokaera diskretua du. Beraz, erraz pasatzen da oharkabean. Ornogabe txikiak jaten ditu. Lurrean oso ahula da. Ugalketa udaberrian izaten da. Gorteatzean, arra emearen aurrean jartzen da, eta buztanaren muturra mugitzen du haren arreta erakartzeko. Bien arteko kontaktu fisikorik gabe, arrak lurrean uzten du esperma, eta emeak jaso egiten du. Ondoren, arrautza ernalduak uretako landaredian uzten ditu normalean.
Plantain handia
Plantago major
Munduan oso hedatua
Belarki mota hau oso hedatuta dago gure lurralde osoan. Izan ere, Europa osoan, Afrikako iparraldean, Asiako mendebaldean eta Ipar Amerikan berezko espeziea da. Lugorri, ezponda, aldapa eta areketan hazten da, baita lorategi zein baratzeetan ere. Lurrean hosto-errosetak sortzen ditu. Zurtoinak errosetaren erditik sortzen dira. Lore zurixka ñimiñoak ditu, asko nabarmentzen diren estamineekin. Fruituak kapsula txikiak dira, eta barruan kolore arreko zortzi hazi eliptiko dituzte. Sarritan koloniatan hazten da. Medikuntzarako erabilera ugari ditu: lehorgarri eta emolientea da aldi berean, baita garbigarri, antiseptiko eta hemostatikoa ere. Haren hostoak igurtziz intsektu baten ziztadaren gainean, hazkura arintzen du. Eta haren hosto birrinduak oso orbaintzaile onak dira.