BILDUMATZEKO FITXAK
Otsoputza
Lycoperdon perlatum
Esporak indarrez bota ditzake
Astaputz izenez ere ezaguna, sortzean zuria den onddoa da, eta haziz doan neurrian marroi kolorea hartuz doa. Nahiko ohikoa da eta ia edozein ekosistematan sortzen da, bai taldean bai bakarka. Udaberrian, udan eta udazkenean ugaltzen da. Bere heldutasunean, goi-goian zulo bat dauka esporak botatzeko. Zapaltzean edo ur tanta bat erortzen zaionean, onddoa «hustu» egiten da esporak indarrez kanporatuz. Mekanismo horretatik datorkio bere izen arrunta. Oso estimatua ez den arren, jangarria da, baina soilik gaztea denean eta guztiz zuria denean.
Amerikar ibai-karramarroa
Procambarus clarkii
Bera da bertako karramarroaren mehatxu nagusia
Ibai-karramarro gorria ere esaten zaio, bere kolore deigarria dela eta. Ipar Amerikatik datorren krustazeo dekapodoa da. Asia, Afrika eta Europako hainbat herrialdetan sartu da. Iberiar penintsulan lurralde zabalak kolonizatu ditu, bertako karramarroa ordezkatuz eta arrisku handian jarriz. Karramarro orojalea da, haragia, landareak eta haratustela jaten duena. Ur gezak nahiago ditu, ez oso hotzak eta ur-lasterrik gabekoak, adibidez korronte lasaiko ibaiak, padurak, lakuak eta arroz sailak, baina gatz apur bat onartzen du, bai eta hainbat hilabetetako lehorteak ere. Sei urte baino gehiago bizi daiteke eta berrogeita hamar gramoko pisura iritsi. Horregatik guztiagatik moldatzeko gaitasunik handiena duen karramarrotzat jotzen da.
Izurde handia
Tursiops truncatus
Lurreko animaliarik adimentsuenetako bat da
Botila formako sudurdun izurde modura ere ezaguna da. Mundu osoko itsasoetan bizi da, Ozeano Artikoan eta Australean izan ezik. Oso gizartekoi eta lagunkoia da, baina arren artean eta beste espezie batzuekiko oso jokabide oldarkorrak izan ditzake. Normalean hamabi lagun bitarteko taldeetan bizi da, emeek eta gazteek osatuta. Arrek bi edo hiruko taldeak osatzen dituzte eta emeekin epe laburrez elkartzen dira. Elikadura aurkitzeko ekolokalizazio modu bat erabiltzen du, sonarraren antzekoa. Soinuak sortzen ditu eta haien oihartzuna entzuten du gauzak edo harrapakinak lokalizatzeko. 5-8 km/h-ko abiaduran egin ohi du igeri, baina 35 km/h-ra ere irits daiteke. Gizakiaren ondoren lurreko espezierik argiena da, tximinoen aurretik.
Zuhaitzeko pulmonaria
Lobaria pulmonaria
Hezetasunaren arabera kolorez aldatzen du
Liken hau onddo baten, fotosintesia egiten duen alga baten eta nitrogenoa finkatzen duen zianobakterio baten arteko sinbiosi hirukoitza da. Baso hezeetan bizi da, batez ere oso altu ez dauden harizti eta pagadietan, baina beste baso batzuetan ere haz daiteke. Europa iparraldetik Mediterraneoraino hedatzen da. Xafla handi eta ezberdinak sortzen ditu, zuhaitzen azaleko puntu batera lotzen direnak, edo batzuetan lurrera edo harkaitzetara. Xafla hauen itxurak biriketako lobuluak dakarzkigu gogora; gainera, arnas gaixotasun batzuei aurre egiteko erabiltzen da. Hortik datorkio bere izena. Bere kolorea aldagarria da: hezetasun nahikoa dagoenean kolore berde iluna izaten du; lehortzean aldiz, kolore arrea hartuz doa eta zimurtu egiten da.