BILDUMATZEKO FITXAK

Astalarra

Dipsacus fullonum
Antzina kotoia eta artilea kardatzeko erabiltzen ziren

Arantzadun zurtoin luzeak dituen bi urteko kardu hau bi metroko garaiera izatera hel daiteke. Ipar hemisferiokoa da jatorriz, baina Hegoamerikako klimara ere egokitu da. Izen zientifikoak (Dipsacus) egarri izatea esan nahi du eta oinarriko hostoek osatzen duten hutsune bereizgarriari egiten dio erreferentzia, euri edo ihintzaren ura jasotzea ahalbidetzen baitu. Propietate ugari ditu eta haren haziak oso baliabide garrantzitsua dira zenbait hegaztiren elikaduran, bereziki karnabaren elikaduran. Loreak, purpura kolorekoak, ekaina eta uztaila bitartean agertzen dira eta 30 eta 90 mm bitarteko lore-buru arantzatsuen itxura hartzen dute (kirikiñoaren antzekoak).

Portzelanazko karramarro iletsua

Porcellana platycheles
Olatu handiak jasateko gai da

Ez da erraza karramarro txiki hau gure kostaldean topatzea, baina oso ugaria da. Lokatzetan edo itsasertzeko harkaitzen azpian bizi da. Oskol borobil eta laua du, eta horri esker hobeto jasaten ditu olatuen erasoak. Horretarako, harkaitzei eransten zaie hanketan dituen arantza zorrotzak erabiliz. Apenas 15 mm ditu luze eta xehatzeko hanka biak bereziki luze eta meheak dira, 20 mm-ko luzera izan dezakete. Ilea du bereizgarri nagusi. Ahoaz filtratzen dituen organismo txiki-txikiz elikatzen da. Gris nabar kolorekoa da goialdean eta horixka argia sabelaldean.

Esfinge ozelatua

Smerinthus ocellatus
Helduaroan ez du elikagairik irensten

Esfingidoen familiako sits honek nabar kolorea dauka, orban ilunekin, eta hari esker ezin hobeto kamuflatzen da zuhaitzen enborren artean. Enbarazu egiten bazaio edo harrapakari batek eraso egiten badio, hegoak irekitzen ditu atzeko hegaletan dituen ozeloak erakusteko, begi mehatxagarri handi biren itxura baitute. Alarma-jarrera horrekin batera, batzuetan, mugimendu erritmikoak ere egiten ditu, mugitzen ari den burua simulatzeko. Beldarra 80 mm-ko luzera izatera hel daiteke; berde distiratsua da eta zeharkako zinta zurixka edo horixkak dauzka. Europa osoan da komuna. Helduak maiatza eta uztaila bitartean ibiltzen dira hegaz, elikagairik irentsi gabe.

Bizkaiko txilarra

Daboecia cantabrica
Europa atlantikoko landare endemikoa da

Txilarren familiako zuhaixka txikia da, 60 cm-ko garaiera izan dezakeena. Erraza da identifikatzen, haren lore esekiak oso bereizgarriak direlako: globo itxura dute eta arrosa kolore bizikoak dira, beste txilar batzuk baino handiagoak. Apirila eta urria bitartean ikus daitezke. Gure lurraldean nahiko ohikoa da, baliteke sarritan ikusi izana. Edonola ere, Europako lau estatutan baino ez da hazten: Iberiar Penintsulako ipar eta mendebaldean sakabanatuta dago, Portugaletik Nafarroara bitarte, baita Irlanda eta Frantziako mendebaldean ere. Izen zientifikoak zein arruntak agerian uzten dute espezie honen izaera endemikoa.