BILDUMATZEKO FITXAK

Itsas pinua

Pinus pinaster
Zuhaitz honetatik ateratzen da iragazgaizteko bikea

Pinu gorri izenaz ere ezaguna, 25m baino gehiago izan ditzake garai. Ez da erraza izaten beste pinuetatik bereiztea, tamaina eta azala ezberdinak izan baitaitezke hazten den inguruaren arabera. Bereizgarri nabarmenena hostoak dira, gure pinuak baino zabal, gogor eta zorrotzagoak baitira. Bikotetan sortzen dira eta 12 eta 25 cm bitartean neurtzen dute. Mediterraneoko mendebaldekoa da jatorriz, baina joan den mende hasieratik mundu osoan zehar zabaldu izan da, erretxina, bikea eta egurra eskuratzeko. Munduko 100 espezie exotiko inbaditzaile kaltegarrienen zerrendan jaso du Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak.

Sits pirata

Acherontia atropos
«The Silence of the Lambs» filmari esker izan zen ospetsu

Heldu gehienek toraxean duten irudiari egiten dio erreferentzia haren izen arruntak, giza burezurra baitakarkigu gogora. Irudi horrek ospe txarra eman dio gaueko lepidoptero kaltegabe honi, gaizkiaren indarrekin, zorte txarrarekin eta heriotzarekin berarekin lotu izan baita beti. Afrikako eskualde tropikaletan du jatorria, baina aldizkako migrazioak egiten ditu Europara, eta ohikoa da kontinente osoan horrelakoak topatzea. Helduaroan nektar kontsumitzaile sutsuak izan ohi dira. Giza belarriak entzuteko moduko soinua egiteko gai den tximeleta bakarrenetarikoa da; enbarazu edo erasoa sentitzen duenean, burrunba agudoa egiten du.

Amiltxoria • Martinete

Nycticorax nycticorax
Gauez ibili ohi da

Mundu osoan sakabanatuta dago koartza ertain hau. Izen zientifikoak «gaueko belea» esan nahi du, eta bereizgarri dituen ezaugarri biri egiten dio erreferentzia: egunsentian eta gauez ibili ohi da, eta egiten duen soinu bitxiak belea dakarkigu gogora. Egunez zuhaitz eta zuhaixka artean ezkutatuta egoten da, urmael, ibai eta paduretatik hurbil. Inork topatuz gero, mokoa gorantz jarri eta geldirik geratzen da, inork oharkabean ikusi ez dezan. Helduak hiru luma zuri deigarri dauzka garondoan, 20 cm-ko luzera dutenak. Uretako animaliez elikatzen da batez ere: arrainak, anfibioak, krustazeoak eta intsektuak. Europan izaten ditu kumeak, arrak zuhaitz batean eraikitzen duen habian, eta emeak 3 eta 5 arrautza bitartean jartzen ditu. Afrika tropikalean igarotzen du negua.

Borbonesa

Silene dioica
Antzina, haren hazi birrinduarekin tratatzen ziren sugearen hozkadak

Landare belarkara iraunkorra da, krabelinen familiakoa (Caryophyllaceae), eta 80 cm garai izatera hel daiteke. Europa kontinentean du jatorria eta nahiko ugaria da gure eskualdean. Mantenugaietan aberatsak diren inguruetan hazten da batez ere. Haren lore ederrek arrosa eta gorri arteko kolore bizia dute; horiek dira erraz identifikatzen laguntzen diguten elementuak. Bakoitzak bost petalo zatibitu ditu. Izen zientifikoak islatzen duenez, lore maskulinoak eta femeninoak landare ezberdinetan hasten dira. Apirila eta uztaila bitartean loratu ohi da, eta zurtoin zein hostoek bilo berezia daukate.