BILDUMATZEKO FITXAK

Itsas mihilua

Crithmum maritimum
Antzinako Grezian kontsumitzen zen

Itsas perrexila ere esaten zaio. Nagusiki kostaldean hazten da, arroken ondoan batez ere. Hosto mamitsuak ditu (oso gozoak), eta lore berde horixkak. Ugari samarra da gure itsasertzean. Jangarria da. Antzinako Grezian gordinik jaten zuten entsaladetan, eta egosita gisatuetan. Iodoz, oligoelementuz, gatz mineralez, aminoazidoz eta C bitaminaz aberatsa da. Bitamina hori daukanez, antzina adobatuta eramaten zuten itsas bidaia luzeetan, eskorbutoari aurre egiteko. Gaur egun entsaladetan edo kontserba batzuetan erabiltzen da. Haren esentzia olioa perfume batzuen fabrikazioan erabiltzen da.

Etxe-eulia

Musca domestica
Planeta osoan hedatuta dagoen eulia

Giza ingurunera moldatzeko gaitasun handia duenez, aurrerapen ikusgarria egin du espezie gisa, eta gaur egun euli ugaria da planeta osoan, etxalde eta zabortegien inguruetan batik bat. Gehienez ere zortzi milimetro luze den diptero brakizero honek 8.000 arrautza ñimiño jar ditzake. Hogeita lau orduan, hankarik gabeko larba bat irteten da arrautza bakoitzetik, eta hondakin organikoz elikatzen da. Gero pupa bihurtzen da. Azkenik, metamorfosiaren ondoren, euli heldua jaiotzen da. Hegan ibiltzen da beste euli batzuen bila, ugaltzeko eta bere bizi-zikloa burutzeko. Euli helduak bi aste inguru bizi ohi dira.

Antxeta mokogorria

Larus ridibundus
Gure kostaldeko antxetarik ugariena

Urte osoan zehar ikus dezakegu antxeta txiki hau gure lurraldean, baina udan haren populazioa urritu egiten da, gehienek ugaltze kolonietara migratzen dutelako. Egindako kalkuluen arabera, Europan bizi den bikote kopurua 2,3 eta 3 milioi artekoa da, eta era nabarmenean hedatzen ari den espeziea da. Izan ere, oso hegazti oportunista denez, mota askotako habitatetan bizi daiteke, baita oso gizatiartuta daudenetan ere. Nagusiki intsektuak, anelidoak, krustazeoak eta arrain txikiak jaten ditu, baina ur gainean dauden edo zabortegietan aurkitzen dituen hondakinez ere elikatzen da.

Ametza

Quercus pyrenaica
Izen zientifikoa oker baten ondorioa da

Zuhaitz urria da gure lurraldean, baina ugari samarra Araban (Izkiko Parke Naturalean, esaterako). Izen zientifikoa ez da batere egokia, oso urria baita Pirinioetan. Akats baten ondorioz jarri zion botanikari alemaniar batek, etiketa okerra zeukaten lagin lehor batzuk jasotzean. Baldintza egokietan 25 metrotik gorako garaiera har dezake, baina astiro garatzen da. Ondo jasaten ditu lehorteak eta izotzaldiak. Gure lurraldeko beste haritz batzuetatik bereizteko erarik onena hostoei erreparatzea da: azpialdean trinkoagoa eta nabariagoa den bilo leun eta argitsu batez estalita daude.