BILDUMATZEKO FITXAK

Murruntza

Cymbalaria muralis
Ezin hobeto moldatuta dago harrizko murruetako bizitzara

Plantaginazeoen familiako landare hau oso ugaria da gure lurraldean, baina gutxitan hazten da 700 metrotik gorako altitudean. Belar bizikorra eta herrestaria da. Oso bizkor garatzen da harrizko murruetan eta harkaitzetan, batez ere hezeak badira. Espezie honen ezaugarririk bitxiena hazteko erabiltzen duen metodoa da. Hasieran, zurtoina argirantz hazten da (fototropismo positiboa), baina ernaldu ondoren argitasunetik ihesi hazten da (fototropismo negatiboa). Horrela, bizileku dituen hormetako arrakala eta zuloetan sartzen da. Haziak hor erortzen dira eta landare berria jaiotzen da.

Haitz-usoa

Columba livia
Etxe-usoa uso honetatik dator

Haitz-usoa gure hirietako etxe-usoen aurrekoa edo arbasoa da. Hala ere, basa populazioak gainbeheran daude. Haien arazo nagusiak habitataren suntsipena eta erdizka etxekoak diren formekiko hibridazioa dira. Ikerketa batzuen arabera, neurriak hartzen ez badira, haitz-uso basatia urte gutxi barru desagertuko da, erdizka etxekoak diren usoekin gurutzatzean sortzen den kutsadura genetiko gero eta handiagoaren eraginez. Benetako haitz-usoak itsaslabarretan eta sakan arrokatsuetan bizi dira ia soilik. Horma horietako erlaitzetan egiten dute habia eta, beste uso batzuek bezala, paparoan ekoizten duten esne moduko batez elikatzen dituzte usakumeak.

Erraulia

Lytta vesicatoria
XX. mendearen hasierara arte medikuntzan erabili zen

Meloidae familiako kakalardo honek kolore berde esmeralda metalizatua du, oso deigarria. Gehienez ere 2,5 zentimetro luze izaten da. Larbak erle bakartien habietan bizi dira, eta helduak hainbat zuhaitz espezietako hostoez elikatzen dira. Asaldaturik dagoenean, likido sumingarri bat jariatzen du, defentsa estrategia gisa. Hori dela eta, medikuntzak antzinatik erabili du intsektu hau. Nagusiki, substantzia sumingarri gisa erabili da: intsektua lehortu eta birrindu ondoren, larruazaleko ultzeren gainean jartzen zen txaplata bat egiten zen. Horrek likido kaltegarriak desagerrarazten laguntzen zuela uste zen. Horrez gain, beste erabilera asko ere izan ditu: bizigarria, alopeziaren kontrako erremedioa, afrodisiakoa, pozoia eta abortu-eragilea, besteak beste. XX. mendearen hasieran medikuntzan erabiltzeari utzi zitzaion.

Itsas lilipa

Pancratium maritimum
Gure dunetako lorerik deigarrienetako bat da

Landare erraboilduna eta bizikorra. Zurtoin belarkara zurixka du, eta lore zuriak, oso politak eta deigarriak. Erraboila oso handia da eta 25 zentimetroko luzera har dezake. Haziak beltzak eta distiratsuak dira, zentimetro batekoak. Estalki arina dutenez, ur gainean gelditzen dira eta itsasoan barrena joan daitezke landare amatik urrun dauden eskualdeetara. Ondo jasaten ditu lehorte luzeak. Lehortea dagoenean sakonago sartzen da lur azpian, ez idortzeko; gainean hondar gehiegi badauka, aldiz, zurtoinak luzatzen ditu. Atlantikoko eta Mediterraneoko itsasertzean hazten da, oso kutsaturik ez dauden eta gizakien presio handiegirik pairatzen ez duten hondartza eta dunetan.