ARGAZKIEN IRUZKINA

Ornogabe harrigarriak

Testua eta argazkiak: Alberto Hurtado

«Zomorroak» esaten diegu. Nazka eta beldurra ematen digute. Txikitatik esan digute arriskutsuak direla, ziztatzen dutela edo gaixotasunak kutsatzen dituztela. Askotan, zapata zolarekin zapaltzen ditugu ikusi bezain laster. Hala ere, izaki bizidun guztiek bezalaxe, ornogabe horiek eginkizun garrantzitsua betetzen dute ekosisteman, eta ezinbestekoak dira oreka ekologikoari eusteko.

Gure aurreiritziak ahaztu, gure fobia irrazionalak alde batera utzi eta animalia horiei beste era batera begiratzen badiegu, milaka urteko eboluzioaren ondorioz moldaera txundigarriak lortu dituzten izaki miresgarriak direla konturatuko gara. Batzuk beren kabuz argia sortzeko gai dira; beste batzuek izugarri luzatu dituzte hankak, ilunpeko bizitzara moldatzeko; hainbatek era harrigarrian perfekzionatu dute mimetismoaren artea, beren gorputzei material inorganikoak itsatsiz; beste hainbatek kolore deigarriak, jariakin pozoitsuak, koraza apurtezinak edo arantza zorrotzak erabiltzen dituzte etsaiak uxatzeko. Natura harrigarria!