ARGAZKIEN IRUZKINA
Hodei-itsasoa
Testua eta argazkiak: Manu Océn
Neguan barneratu ahala, atzean uzten ditugu argi-egun luzeak eta kolore biziak. Bizitza geldotzen hasten da. Giroan nagusitzen diren kolore okreek, ilunsenti epelek eta usain bereziek gure zentzumenak besarkatzen dituzte.
Lainoa eta hodei-itsaso ikusgarriak neguari nortasun berezia ematen dioten beste ezaugarrietako bat da. Sarritan arreta handirik eskaintzen ez badiogu ere, horixe da egun gero eta laburragoen eta hotzagoen berezitasun nagusietako bat.
Batzuetan, eguneroko bizitzan eguzkiari aurrea hartzen diogunok giro itxiagoa sumatzen dugu. Badirudi hodei bat “erori” zaigula gainera, eta halaxe da. Hodei hori ur partikulaz osatuta dago. Aire korronte hotz batek ukitzen duenean, kondentsatu egiten da eta ur tanta txiki horiek airean esekita eta sakabanatuta geratzen dira. Ur tantatxoak zenbat eta elkartuago egon, orduan eta trinkoagoa izaten da lainoa. Horregatik, giro itxia sumatzen dugu eta ez da askorik ikusten.
Fenomeno hori gerta dadin, aldez aurretik lurra berotu behar da egunean zehar eta gau argietan. Izan ere, hodeiek isolatzaile funtzioa betetzen dutenez, hodeirik ez dagoenean lurrak beroa galtzen du eta oso bizkor hozten da. Gauza bera gertatzen da lurraren azalarekin kontaktuan dagoen airearekin: airerik beroena goiko aldean dagoenez, hoztutako aire masa hori ezin da igo eta behean gelditzen da. Ur lurrinaren kopurua handia bada, lainoa eratzen da.
Gertaera natural hori altitude jakin batetik behatzen bada, eguzkia agertzen hasten denean, hodeiak urdinxka ikusten dira eta itsasoaren antza hartzen dute. Horrexegatik esaten zaio fenomeno horri «hodei-itsasoa».