ARGAZKIEN IRUZKINA
Hiriko arte umoretsua
- Testua: Ibon Hormaeche
Argarkiak: Peter Gibson
Peter Gibson artistak gaitasun berezia dauka: hiriko bizitzaren inguruko hausnarketak planteatzearekin batera irribarre eginarazten du. Bere obraren ezaugarriak sorkuntzarako gaitasuna eta espazioaren ikuspegia dira, eta batez ere, garai hauetan hain ondo datorkigun umore kutsua.
Bizkaia Maiteak ateak ireki dizkio artista kanadar entzutetsu honi eta irakurleen irudimen eta gogoetak piztu nahi izan ditu. Eta bestela, nola definituko zenukete asfalto zikin eta hotza pintura bihurtu eta ustekabeko mezu eta irudiz betetzeko gai dena?
Bere abiapuntua hiri eredu atseginagoa bat sustatzeko nahia da; bertan bizi diren pertsonak eta bizikleta ibilgailua kontuan hartuko dituen hiri-eredua, hain zuzen. Peter Gibson (Roadsworth) Montrealeko kaleetan hasi zen pintatzen 2001eko udazkenean. Hirian bizikleta-bide gehiago eskatu eta autoaren kultura zalantzan jarri nahi zuen. Ildo horretatik, bideen markaketa transbertsalaren eta gainerako hiriko elementuen inguruko lengoaia garatuz joan zen, mezu argi honekin: «kaleak bi punturen arteko distantzia baino zerbait gehiago dira, bizipenez josita daude eta merezi du arretaz behatzea. Hori lortzeko onena bizikletaz edo oinez ibiltzea da».
Hasieran ez zuen onarpenik izan eta bere estiloa gatazkatsua izan zen. Atxilotu ere egin zuten «Montrealgo eremu publikoen kontrako atentatuagatik». Gaur egun ospe handia dauka bere hirian, herrialdean eta nazioarte mailan eta eremu publikoan esku hartzeko ekimen askotan parte hartzen du. Mugitzeko aukera alternatiboen inguruko gaiekin batera, beste elementu batzuk ere baren hartzen ditu bere margolanetan: naturarekin eta hiriko parkeekin erlazionatutakoak. Horrekin lotuta, animalia batzuk ere margotzen ditu, «autoek beren habitata lapurtu dietela» salatzeko.