ARGAZKIEN IRUZKINA
Bitxi tropikalak oihanaren iluntasunean
Testua eta argazkiak: Alberto Hurtado
Oihan tropikalak, gizakiaren diru-goseak eraginda desagertzeko arriskuan denak, Planeta osoan dibertsitate handiena duten habitatak dira. Bertan, bizitzaren gehiena zuhaitz artean ematen da, landareek eguzki argia jasotzeko lekurik egokiena lortzeko borrokan dihardutelarik.
Hala ere, behealdean, zorutik gertu (arboladiaren ertzetan edo zuhaitz zahar bat erortzean sortzen diren argiguneetan), adierazi ezin daitekeen edertasuneko lore-bitxiak izaten dira. Gorriak, laranjak, horiak, urdinak eta zuriak, tonalitate eta intentsitate ezberdinetakoak oihanaren ilunean; gauerdiko fokuak bailitzan.
Gutxi dira eta, batzuetan, kilometroak egin behar izaten dira haietako bat bere horretan ikusi ahal izateko. Baina ibilaldi luzeak benetan merezi du, ilunantzean horren ederra den zerbait aurrez aurre topatzeko aukera baldin baduzu… Edertasun hori, ordea, ez da zuretzat, ezta niretzat ere… Argi-puntu koloretsu horiek, lurrin zoragarriz tindatuak, polinizatzaile, intsektu eta hegaztientzako ezinbesteko geldilekua dira. Ordeztu ezin daitekeen zeregina dute beraz; landarearen ugalketarako beharrezkoa. Ondorioz, kolore deigarri eta aroma bizidun loreez, landareek ez dute esfortzu makala egingo animalia horiek erakartzeko.