ARGAZKIEN IRUZKINA
Goitik begiratuta, txorien modura
Testua eta argazkiak: Manu Océn
Nork ez du amestu umetan hegan egitearekin? Txori baten ikuspegitik gure mundua ikusteak sortuko ligukeen sentsazioa irudikatzeak era guztietako tramankuluak diseinatzera eraman du gizakia. Arazoa da hegan egitea, zoritxarrez, ez dagoela edonoren esku, eta beraz, konformatu behar aukera horretaz gozatzen duten zortedun batzuek erakusten digutenarekin. Zalantzarik gabe mundu ezberdin horretara hurbiltzeko dugun era ezagunena argazkilaritza da.
Aireko argazkilaritza, bistan da, hegan egiteko gai den gailu batera lotuta dago. Abioneta, globo, helikoptero, ultrarin edo parapente batetik egin daiteke, baina baita lurretik ere horretarako propio diseinatutako kometa batzuekin adibidez, –KAP (Kite Aerial Photography)–, edo gero eta ezagunagoak diren dronekin, tripulatu gabeko aireontziak, era autonomoan hegan egin dezaketenak.
Argazki mota hori eremu teknikoagoetan erabili izan da, kartografian eta geologian kasu, gure orografia aztertzeko xedez. Baina ikerketa arkeologikoetan, zaintza sistemetan edo aplikazio militarretan ere leku garrantzitsua du.
Ez da zaila konturatzea airetik ikusten den Lurraren paisaiaren aniztasuna liluragarria dela. Lur mailan ikusi ohi duguna kokatzeko angelu ezberdinak bilatzeak gure begi fotografikoa zerurantz begiratzera eraman du, eta lekutxo bat egitea lortu du lehen adituen argazkilaritzara mugatuta zegoen eremu batean.
«Txori begirada» deritzon argazkilaritza teknika honek aukera ematen digu paisaiak harrapatzeko ikuspegi ezberdin batetik, ohiko argazkilaritzan pentsaezinak liratekeen irudiak eskainiz.