ARGAZKIEN IRUZKINA

Sortzetiko Itsasoak

Ozeanoak Lur-azaleraren %72 estaltzen du, baina %1 soilik dago babestuta. Ozeano erraldoi horretan jatorrizko baldintzak mantentzen dituzten txokoak dira sortzetiko itsasoak, gizakiak eragindako aldaketarik izan ez dutenak. Zoritxarrez, ez dira asko geratzen.

National Geographic erakundearen Sortzetiko Itsasoak (Pristine Seas) proiektuak helburu argia du: ozeanoetan dauden azken txoko «berri» horiek mantentzea eta itsas gune babestuak sortzea. Hau da, Enric Sala ekologoak zuzentzen duen proiektuak itsasoetan gune babestuak sor daitezen sustatzen du, kontinenteetan parke nazionalen baliokide gisa.

Enric Salak gonbidapena luzatzen digu ozeanoa aurrezki kutxa bailitzan ulertzeko; izan ere, orain arte, atera eta atera baino ez dugu egin, ezer sartu gabe. Hala, gure kontu-korrontea puztea da gakoa, zaindu beharreko itsas erreserben bitartez, onura ekologiko eta ekonomiko garrantzitsuak eskuratze aldera.