ARGAZKIEN IRUZKINA

Nenufarrak uretako landareak

Testua eta argazkiak: Alberto Hurtado

Antzina, egiptoarrek Niloko nenufarrak gurtzen zituzten. Pentsatzen zuten haren loreak, egunsentian ireki eta gauez ixten direnak, iluntasuna heltzearekin batera uretan ezkutatzen zirela, eta eguzkia ateratzean berriro agertzen. Egunero jaiotze hori Ra Eguzkiaren Jainkoarekin lotzen zuten, baita haragoko munduari buruzko sinesmenekin ere. Zenbait herrik (nubioak, abisnioak, hinduak...) eta antzinateko zibilizazio batzuek ere gurtzen zituzten landare haiek, betidanik txunditu baitute gizakia.

Nenufar terminoa uretako loredun landareei aplikatzen zaie oro har, eta familia ezberdinak barne hartzen ditu. Nenufarrak laku, aintzira eta urtegietako uretan bizi dira, baita korronte moteleko ibai eta erreketan ere. 100 milioi urteko bilakaeran, haren hosto, lore eta sustraiak bikain egokitu dira uretako bizitzara. Batzuen sustraiak bost metroko luzera izatera hel daitezke eta hondora tinko ainguratuta egoten dira, horien hosto borobilduek eta loreek ur-azalean flotatzen duten bitartean. Beste batzuek, ordea, hostoetan aldaketak jasan dituzte eta flotatzen laguntzen dieten poltsa antzeko batzuk sortu zaizkie, kolonizatzeko leku berrien bila ur-azaletik bidaiatzeko.

Nenufar ikusgarriena, zalantzarik gabe, Victoria amazónica da. Amazoniako oihanetako ibai handietan bizi da. Haren hosto zirkularrek bi metrotik gorako diametroa eta zortzi metroko zurtoinak izatera hel daitezke. Hosto bakoitzak 40 kilo jasan ditzake, pisua azalera osoan uniformetasunez banatuz gero. Zalantzarik gabe, landare erreinuko mirarietako bat da.