ARGAZKIEN IRUZKINA

Kardua, sendoa eta bizikorra

Kardua arantza zorrotzengatik erraz identifikatzen dugun landare ezagun baten izen arrunta da. Nork ez du haurtzaroan ikasi karduek errespetua merezi dutela eta ezin dela beraiekin jolastu? Norbaiti karduaren arantza sartu bazaio, ez du aise ahaztuko. Hain zuzen ere, horixe nahi du landareak.

Milaka urteko eboluzioan zehar, karduek arantzak garatu dituzte defentsa metodo gisa. Landareak energia asko inbertitzen du arantzak sortzeko, baina haiei esker landare bizikorra da eta oso ondo babestuta dago harraparien erasoetatik. Espeziearen arabera, arantzak hostoetan, zurtoinean edota loreetako brakteetan hazten dira.

Karduaren arantzak zorrotzak eta gogorrak dira; loreak, aldiz, leunak eta ederrak. Oro har, kolore deigarriak dituzte, hala nola purpura, horia edo urdina. Kolore biziek erakarrita, intsektu polinizatzaileak zuzen joaten dira loreetara, arantzetan ziztaturik geratzeko arriskurik gabe.

Karduen multzoan landare espezie asko sartzen dira, Konposatuen familiakoak batez ere (Asteraceae). Kardu batzuek hiru metrotik gorako garaiera har dezakete, baina landare belarkarak dira, hau da, zurtoina ez da zurezkoa (zuhaitz edo zuhaixkena ez bezala).

Alberto Hurtado