ARGAZKIEN IRUZKINA

Zetazeoak Kantauri itsasoan

Testua eta argazkiak: Manu Océn

Erdi Aroko euskal baleazaleek txalupa txikiak erabiltzen zituzten baleen bila joateko, eta arpoiz harrapatzen zituzten. Gainera, beraiek izan ziren ontzi berezi haien asmatzaileak. Ausardi handia eskatzen zuen teknika gogor eta arriskutsu horrek oparotasuna ekarri zuen gure herrietara. Gero, arpoiaren bidezko arrantza espezializatzen joan zen eta herrialde askotara hedatu zen. Horren ondorioz, zetazeo espezie ugari abiada bizian urritu ziren planetako itsaso guztietan, eta 1986an Bale Arrantzarako Nazioarteko Batzordeak ehiza komertziala debekatu zuen. Hala ere, nazioarteko komunitateak agindutakoari entzungor eginez, Japoniak, Norvegiak, Islandiak eta beste herrialde batzuek baleak inolako neurririk gabe harrapatzen jarraitzen dute.

Antzinatik balearen arrantzan aritu diren beste herri askok, ordea, erabat aldatu dute beren jokabidea, nazioarteko arauak betez. Gaur egun, turismo ekologikoa goraka ari den sektorea da, eta animalia mitiko horiekin lotzeak balio erantsia ematen dio. Zetazeoen behaketa, edo «whale watching», berebiziko garrantzia duen turismo jarduera da. Tokian tokiko ekonomia hobetzen du eta, zentzuz erabiltzen bada, hezkuntzarako osagarri baliotsua da.

Gure kostaldera itzuliz, oso jende gutxik daki Bizkaiko Golkoa zetazeoak behatzeko lekurik garrantzitsuenetako bat dela mundu osoan. Animalia interesgarri horien 24 espezie ikus daitezke itsaso horretako uretan. Aipatzekoak dira gaur egun hain urria den balea urdina (lurreko animaliarik handiena da: 35 m luze eta 150 tonako pisua), orkak, pilotu-izurde hegaluzeak eta Cuvier balearen espezie batzuk. Kantauri itsasoan kopurua apur bat txikiagoa da: 22 espezie ikus daitezke bertan, hala nola zere arrunta, kaxalotea, pilotu-izurde hegaluzea, Cuvier balea eta zenbait izurde espezie.

Bizkaian ere zetazeoak behatzeko jarduerak egiten dira. Gure kostaldean bi proiektu interesgarri daude: «Zetazeoak 10etan» (Euskadiko Biodibertsitate Zentroak eta AMBAR elkarteak antolatua) eta VERBALLENAS.COM (uda guztietan Santurtziko portutik abiatzen den ekimena).