HAR EZAZU PARTE

Orrialde honetan parte hartzeko tarte bat eskaini nahi dizuegu Bizkaia Maitea aldizkariaren irakurle guztioi. Bidali iezazkiguzu gutunak, argazkiak, olerkiak edo iruzkinak Bizkaia Maitea aldizkarira. Helbidea: Rekalde zumarkalea 30, 48009 Bilbo.

bizkaiamaitea.aldizkaria@bizkaia.eus

Abandonatzea ez da bidea

Kaixo guztioi,

Jabeek abandonatu dituzten animalia batzuen argazkiak bidaltzen dizkizuet. Kiru izeneko iguana berdea orain dela hainbat urte abandonatu zuten albaitaritza klinika batean. Egoera penagarrian zegoen. Azal eta hezur hutsa zen.

Uretako dortokak ere sarritan abandonatzen dituzte, eta jende askok ezkutuan egiten du hori. Hala egiaztatu ahal izan dut Karpin Faunaren Babes Zentroan, hor lan egiten baitut. Orain dela egun batzuk, inork ez daki nola, dortoka greziar bat agertu zen beste dortoken instalazioan.

Kontuan izan behar da Karpinentzat animaliak egoera onean egotea dela garrantzitsuena. Norbaitek gure instalazioetan animalia bat abandonatzen badu -edozein espezietakoa- eta gu unean bertan horretaz konturatzen ez bagara (lehenago edo geroago aurkitu egingo dugu), animalia horrek ez du pasatuko derrigorrezko berrogeialdia, ez inolako albaitaritza kontrolik, eta, beraz, instalazioko beste animaliei gaixotasunen bat kutsatzeko benetako arriskua dago. Gainera, gure instalazioetan ezin dira animaliak sartu haien kopurua, gainerako animalien ongizatea edo haien arteko bateragarritasuna kontrolatu gabe. Horregatik, behin eta berriz esaten dugun bezala, norbaitek bere maskota nahi ez badu (kasu gehienetan berriz hausnartu beharko litzateke erabaki hori), gurekin harremanetan jarri behar da Karpinen web orriaren bidez (www.karpinabentura.com). Horrela, kasua aztertu, Karpinen jasotzea posiblea den ikusi eta, ezinezkoa bada, beste aukera batzuk eskaini ahalko ditugu.

Borondate onez eta elkarlanean, animalia askoren bizitza hobetu ahal dugu, beste batzuena okertu gabe. Eta, batez ere, maskotei dagokienez, gogoratu «erosi aurretik ondo pentsatu behar dela, abandonatu behar ez izateko».

Pedro Abad (Karrantza) Karpin Faunaren Babes Zentroko langilea eta Bizkaia Maitearen laguna.

Eskerrik asko, Bizkaia Maitea!

Bizkaia Maitea aldizkariko lagun maiteok,

Bizkaia Maitea aldizkari ederra eskertzeko idazten dizkizuet lerro hauek. Benetan interesgarria da, eta Ainarari ilusio handia egiten dio. Autista da eta ezin du irakurri, baina izugarri gustatzen zaio aldizkariari begiratzea, papera ukitzea… Horregatik, mila esker!!

María Cruz López (Getxo)