HAR EZAZU PARTE

Orrialde honetan parte hartzeko tarte bat eskaini nahi dizuegu Bizkaia Maitea aldizkariaren irakurle guztioi. Bidali iezazkiguzu gutunak, argazkiak, olerkiak edo iruzkinak Bizkaia Maitea aldizkarira. Helbidea: Rekalde zumarkalea 30, 48009 Bilbo.

bizkaiamaitea.aldizkaria@bizkaia.eus

Bi lehoikume KARPINEN

Berriro ere Bizkaia Maiteko lagunengana zuzentzen naiz, tristezia eta, aldi berean, poztasuna eragin didan albiste baten berri emateko. Eta ulertuko nauzue azaltzen dizuedanean nola KARPIN Faunaren Babes Zentroak, martxoaren bukaeratik, bi egoiliar berri dituela: bi lehoikume. SEPRONAK atzeman zituen, animalien eskubideen defentsan diharduten hainbat elkarteri esker.

Tintín eta Mojito dute izena kumeek eta 4 eta 8 hilabete dituzte. Kume biak zirku batean erabiltzen zituzten bezeroak erakartzeko eta jendeak haiekin argazkiak egiteko. Espazio txikiegian egoten dira eta hilabete gutxi batzuetan kume horiek ez dira erabilgarri izaten jendea erakartzeko, eta gehienetan etorkizun beltza izaten dute.

Animalia bi hauek animalientzako Karpin Harrera Zentroan daude lege eta administrazio eginbideak burutu arte eta santutegiren batera eraman ahal izan arte, seguruenik Hegoafrikara (Karpinek az baitu toki aproposik bere instalazioetan izateko nagusiagoak direnean).

Pedro Abad Karpin Abentura (Karrantza)

Zelako inbidia postal horrena!

«30 egun bizikletaz» («30 días en bici») nazioarteko ekimen ospetsua burutzen da apirilean, eta 2015 honetan Bilboko bizikleta zale talde batek ere bat egin nahi izan dugu ekimenarekin, hilabete honetan egunero, pixka bat bada ere, pedalei eragiteko konpromisoa hartuta.

Hartutako konpromiso horren esparruan idazten diot eskutitz hau Bizkaia Maiteari, hurbileko zenbait irudik eragiten didaten inbidiaren berri helarazteko asmoz. Amsterdamen argazkiak postal adierazgarri bilakatu dira bizikletaz beteriko aparkalekuen irudiekin. Hala ere, bertako txirrindularientzat, hau da, mundu osoan bizikletekiko harreman onena duen hiriko biztanleentzat, euren hiria bizikleta aparkatzeko lekurik gabe geratzen ari den seinale dira irudi horiek.

Horregatik, Herbehereetako hiriburuan ez da arazotzat hartzen, bizikleta sustatzen jarraitzeko eta aparkaleku berriak eraikitzeko aukera gisa baizik ez dute ikusten, 2030 urtean 40 mila aparkaleku izateko helburuz.

(Momentuz) bizikletari dagokionez, erabilera maila horretara heltzeko asmorik gabe, baina... Ez al duzue uste geuk ere horrelakorik egin genezakeela?

Aitor Perez Martinez Bilbo