HAR EZAZU PARTE
Orrialde honetan parte hartzeko tarte bat eskaini nahi dizuegu Bizkaia Maitea aldizkariaren irakurle guztioi. Bidali iezazkiguzu gutunak, argazkiak, olerkiak edo iruzkinak Bizkaia Maitea aldizkarira. Helbidea: Rekalde zumarkalea 30, 48009 Bilbo.
Kamikatsu, 2020an zaborrik sortuko ez duen Japoniako hiria
Nire zorionik beroenak Bizkaia Maiteari, bere orrialdeetako hitzen bidez helarazten digun informazio aberatsagatik. Atsegin dut jakitea espazio honetan irakurle gisa parte hartzen dugunok ere lekua badugula geure ideiak adierazteko. horregatik ausartu naiz duela gutxi atentzioa deitu didan notizia baten berri ematera; albiste hori kontzientziazio eta konpromisoz lortu daitekeenaren isla garbia dela uste baitut.
2003. urtean, Kamikatsu herriak jakinarazi zuen birziklapen sistema berezi bat ezarriko zuela, 2020rako zaborrik sortuko ez zuen lehendabiziko hiri japoniarra izateko helburuz. Kamikatsu 2.000 biztanle inguruko Japoniako hiria da (txikia, herrialde osoko 127 milioi pertsonekin alderatzen badugu). Proiektua martxan jarri zenetik 12 urte igaro diren honetan, %80ko birziklatze-tasa lortu dute, zabortegietara hondakinen %20 soilik heltzen direlarik.
Portzentaje honetan adierazten denez, egunero zabor gisa sailkatzen ziren ehunka hondakin material berri gisa aprobetxatzea lortu da, eta bertako biztanleek konpromiso irmoagoa hartu dute bide horretan. Izan ere, sistemaren arabera, biztanleen esku geratzen da etxeetako hondakinak garbitu eta 34 kategoria ezberdinetan bereizteko lana; eta, horretarako, kategoria ezagunenak (plastikozko botilak, egunkariak eta latak) kontuan izateaz gain, beste zenbait kategoria espezifiko ere kontuan izan behar dituzte (produktu ezberdinen etiketak, bizarra kentzeko makinak, pintura latak, plastiko eta poliestirenozko ontziak, tutu fluoreszenteak, etab.).
Gainera, hirian etxerik etxe doazen kamioirik ez dagoenez, biztanleek bilketa-zentroetara eraman behar dituzte materialak, bertan hondakinen bereizketa zuzen egin den ala ez aztertzeko.
Hala eta guztiz ere, orain arte ez dirudi eginbeharreko horiek biztanleentzat arazo-iturri izan direnik; gogo onez hartu baitute zeregina euren ordura arteko ohituren artean. Kuru-kuru izeneko denda bat izateko aukera eskaini zaie; bertan, erabilitako artikuluak utzi ditzakete, sargai birziklatuz egindako beste batzuk eramatearen truke. Material horiez eraikuntza solidoak osatu daitezkeela ere jabetu dira, garagardo-fabrika bat kasu.
Oharra: Bizkaia Maiteak Ainararen gutuna osatu du, Kamikatsuko esperientziari buruzko bideoa Youtuben ikusteko gonbidapena luzatuz.
Ainara Izagirre Landa
Santurtzi