HAR EZAZU PARTE
Orrialde honetan parte hartzeko tarte bat eskaini nahi dizuegu Bizkaia Maitea aldizkariaren irakurle guztioi. Bidali iezazkiguzu gutunak, argazkiak, olerkiak edo iruzkinak Bizkaia Maitea aldizkarira. Helbidea: Rekalde zumarkalea 30, 48009 Bilbo.
Pentsamendua ireki klima-aldaketaren kontra borrokatzeko
Bizkaia Maitearen bidez, Londreseko ARUP Agentziak Madrilgo Udalarentzako egindako txosten itxaropentsua partekatu nahi dut zuekin. Txostenean konponbide ugari jasotzen dira, hiri-ingurua (kasu honetan Espainiako hiriburua) erregulatzeko iturri eta oinarri gisa natura bera hartzen dutenak, helburu izanik kutsadura arazo larriei, haize eta eurite zakarrei, tenperatura altuei eta tokiko biodibertsitatearen galerari erantzuna bilatzea.
Uste dut ona dela horrelako ideiak ezagutzea. Horietako batzuk dagoeneko ezartzen ari dira Bizkaia maite honetan; beste asko oraindik ez, eta, Hirietan populazioa handitzen eta espazioa gutxitzen ari den honetan, ikustarazten digute ezinbestekoa dela azpiegituren garapen berdea sustatzea, eraikinak fluktuazio termikoetatik eta muturreko klimetatik babesteko.
Karbono aztarna txikitze aldera, aurretik ere badiren azpiegiturak (garraio trukatzaile eta espazio hutsetatik, zubi eta azpiegitura zaharkituetara bitarte) ekologikoak izatea oso garrantzitsua dela nabarmentzen du dokumentuak, faunarentzako eta pertsonen aisialdirako habitat naturalagoak sortuta. Horrela, auzoak biziberritzeko eta ongizatea hobetzeko erabiltzen ez diren gizarte azpiegiturak modernizatzeak duen garrantzia ere azpimarratu nahi da.
Honekin batera doa aipatutako dokumentua erantsita; www.arup.com webgunean ere ikus dezakezue (Publications – Research – Madrid +Natural)
Kepa Martinez
Bilbao
Legez kanpoko ehiza naturaren etsai
Honen antzeko belatz handi bat tiroz hil zuten maiatzean Gipuzkoan. Airean hegaztirik azkarrena izateak ez dio balio izan gertakaria saihesteko. Txitaldi bat galduko zuen beharbada; izan ere, belatz handia habia egiten goiztiarrena izanik, litekeena da txitatxoak oraindik menpeko izatea.
Legez kanpoko ehizak errealitate triste izaten jarraitzen du gaur egun. Karpin Faunaren Babes Zentroa - Facebook gunearen bitartez izan nuen gertakariaren berri, eta, lerro hauen bitartez, albiste hau zabaldu eta ezagutarazi nahi dizuet, sinetsita bainago ezinbestekoa dela honen inguruan hausnarketa egin eta mugiaraztea, jendartea gaitz honen gainean kontzientziatzeko.
Endika Llanos
Ermua