HAR EZAZU PARTE

Orrialde honetan parte hartzeko tarte bat eskaini nahi dizuegu Bizkaia Maitea aldizkariaren irakurle guztioi. Bidali iezazkiguzu gutunak, argazkiak, olerkiak edo iruzkinak Bizkaia Maitea aldizkarira. Helbidea: Rekalde zumarkalea 30, 48009 Bilbo.

bizkaiamaitea.aldizkaria@bizkaia.eus

Agur semaforoei, baina «Lasaitasunez»

Bizkaia Maitea aldizkariko lagun kuttunak:

Durangon eta Zornotzan semaforoak kendu dituztela irakurri dut aldizkarian, eta oso albiste interesgarria iruditu zait. Zalantzarik gabe, erreferentzia izan daiteke beste udalerri askorentzat.

Albistean gogorarazten digutenez, ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan. Oso denbora luzean apurka-apurka egindako aldaketa sakon eta etengabeen emaitza izan da. Azken hamabi urteotan sarritan joan naiz bi udalerri horietara, lan arrazoiengatik, eta aldaketa prozesuaren lekukoa izan naiz. Egindako aldaketen helburu nagusia herri barruko trafikoa gutxitzea eta lasaitzea zen, eta askotariko neurriak hartu dira horretarako: espaloiak zabaldu, ibilgailuen abiadura 20 eta 30 km/h-ra mugatu, oinezkoei lehentasuna eman eta errepidea gainetik zehartzako pasabideak egin, bidegurutzeak laburtu…). Laburbildurik, bizikidetzazko hirigintza bat bultzatu da, autoz mugitzen ez direnei lehentasuna emanez.

Horregatik, zorionak eman nahi dizkiet erabaki horiek hartu dituzten arduradunei eta bi udalerri horietako biztanle guztiei, eguneroko bizitzan neurri horiek barneratzen, errespetatzen eta babesten jakin dutelako. Erabakiak publizitate handirik gabe hartu dira, errealitatea ekintzen bidez aldatuz eta hala oinezkoei nola ibilgailu motordunen gidariei nahiz txirrindulariei beren ohiturak aldaketa horietara egokitzen joateko aukera emanez. Zalantzarik gabe, bide luzea egin behar da oraindik, eta hainbat kasutan neurri hertsatzaileak ere hartu beharko dira (guztiok nahiko genukeen baino gehiagotan, ziur aski). Hala ere, nire ustez, espazio publikoa beste era batera ulertzeko oinarriak jartzen ari dira, iraunkortasun irizpideen arabera hain zuzen ere.

Bukatzeko, proposamen bat egin nahi diot Bizkaia Maiteari: eskutitz honetan azaldutako errealitateari buruzko artikuluren bat argitaratzea. Aldizkariaren irakurle leial hau prest dago horretan laguntzeko.

Zorionak eta aurrera segi!

Raúl González Atxirika