HAR EZAZU PARTE
Orrialde honetan parte hartzeko tarte bat eskaini nahi dizuegu Bizkaia Maitea aldizkariaren irakurle guztioi. Bidali iezazkiguzu gutunak, argazkiak, olerkiak edo iruzkinak Bizkaia Maitea aldizkarira. Helbidea: Rekalde zumarkalea 30, 48009 Bilbo.

Kaixo, Bizkaia Maitea aldizkariko lagunok!
Lehengo egunean, Espainiako estatuan egiten ari den azterlan aitzindari bati buruzko albistea topatu nuen. Azterlan horren bidez ikertu nahi da haurrek nola laguntzen duten balio ekologikoak hedatzen (gaztelaniazko izenburua ¿Cómo influyen los niños y niñas en la difusión de valores ecológicos? da), eta informazio hori Bizkaia Maitea irakurtzen duten pertsona guztiekin partekatu nahi dut.
Azterlanaren sustatzailea Fauna Autoktonoa eta haren Habitata Leheneratzeko Taldea da (GREFA). MAPFRE fundazioak emandako Ignacio H. de Larramendi ikerketarako laguntzari esker, eskola-umeei zuzendutako ingurumen hezkuntzako programek familian eta ikas ingurunean nolako eragina duten ikertuko du.
Guztira 600 pertsona parte hartzen ari dira azterlanean (irakasleak eta ikasleen gurasoak), eta honakoa frogatu nahi da: etxeko txikienekin egiten den lana funtsezkoa da etorkizuneko pertsona helduak hezteko, baina baita gurasoengan eta haurren inguru hurbileko helduengan benetako eragina izateko ere.
Horretarako, haur hezkuntzan eta gizarte lanean adituak diren pertsonez osatutako ikerketa talde bat osatu da. Talde hori GREFAren ingurumen hezkuntzako programan parte hartzen duten milaka haurren gurasoen eta irakasleen jarraipena egiten ari da, elkarteak Majadahondan (Madril) daukan Basa Faunaren Babes Zentro eta Ospitalea bisitatu aurretik eta bisitatu ondoren duten jarrera alderatzeko. Horri dagokionez, nabarmendu nahi dut orain dela gutxi Karpin Abentura Faunaren Babes Zentroan izan naizela, Karrantzan. Zentroa bisitatzen duten pertsonen artean balio ekologikoak sustatzeko egin daitekeen lanaren adibide hurbila da.
GREFAko ikerketa taldeko kide Silvia Patricia Curyren hitzetan, «gizarte eraginaren protagonistak gizarte botere hertsigarririk ez duten pertsonak eta taldeak izan daitezke, hala nola ikasleak, portaera eredu sinesgarriak eta oso erakargarriak eskaintzeko gai baitira hala adin bereko taldeei nola helduei begira».
Ikerlanaren ondorioak datorren urtearen hasieran ezagutaraziko dira eta aldizkari zientifikoetan nahiz espezializatuetan argitaratuko dira. Halaber, zine ekologikoko jaialdirik garrantzitsuenetan aurkeztuko den dokumental bat egiteko asmoa dute.
GREFA 1981ean sortu zen. Orduz geroztik, GKE horrek ia 50.000 animalia artatu ditu Basa Faunaren Babes Zentro eta Ospitalean. Horrelako zentrorik handienetako eta modernoenetako bat da Europa osoan. Gaur egun hogei langile inguru ditu: albaitariak, faunan espezializatutako fisioterapeutak, biologoak eta naturalistak. Zentroak ingurumenaren arloko hezkuntza eta sentsibilizazio programa bat dauka, eta haren bidez ikastetxeen, taldeen eta banakakoen bisitak kudeatzen dira. 2013an, 4.000 ikaslek baino gehiagok bisitatu zituzten instalazioak.
Informazio hau interesgarria irudituko zaizuela espero dut, eta horrelako albisteak zabaltzeko eta aldizkariko atal honen bidez partekatzeko deialdia egiten diet Bizkaia Maitea aldizkariaren irakurle guztiei.
Patricia Olmos (Bilbao)