Naturagune nabarmenak - Gailur nabarmenak
Gailur nabarmenak
Ganekogorta mendia (998 m) Pagasarri-Ganekogorta mendigunean dago kokatuta. Mendigune horrek, hain zuzen ere, Nerbioi-Ibaizabalgo zein Kadaguako bailarako banatzen ditu, Arabako eta Bizkaiko lurraldeen arteko muga ere izanik. Bertako gailurretik, Bilboko, Abrako eta Bizkaiko zati handi bateko ikusmira zoragarriak miretsi ahal izango ditugu.
Bost deiadar-mendietako bat da, Sollube, Gorbeia, Kolitza eta Oizekin batera. XV. mendera arte, mendi horietako gailurretik batzar nagusietarako deia egiten zen adarren bidez. Adar horiek jotzeaz gain, suteak ere pizten zituzten gailurrean, jaurerri osotik ikusi ahal izateko.
Bere izenak antzina artzaintzarako erabiltzen zela gogorarazten digu, euskaraz Ganekogortak “gailurreko kortabasoa" esan nahi duelako, hau da, basoan eta zelaian artzaintzarako erabiltzen zuten lur-zati biribil zedarritua.
Ganekogortara igo nahi izanez gero, Bilbotik (San Adrianetik, Igertun zehar), Laudiotik (Santa Luziatik) edo Alonsotegitik (PR-BI 100 mendi-bidetik, Azordoiagan zehar) egitea da ohikoena.
Alonsotegi, Arrankudiaga
GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bilbobuseko zenbait linea: 76. linea (Iberdrolaraino) eta A8. linea (Ametzola-San Justi). Bizkaibuseko zenbait linea. Alonsotegira: A3342, A3343 eta A3341.Eta Laudiora Bizkaibuseko A3918. linea.
Trena: Renfe aldiriak Bilboraino (Ametzola) eta Laudioraino. Feve, Alonsotegiraino (Irauregiraino).
ERREPIDETIK
Igerturaino (Bilbo): Igertuko aparkalekuraino iristeko, Zabalburu plazatik Juan de Garay kalean zehar igoko gara San Adrianerantz, eta autopista gaineko zubia gurutzatuko dugu. Gero, Iberdrolako eraikinaren ezkerraldetik egingo dugu gorantz, eta “Pagasarriko bidea” hartuko dugu Igerturaino.
Laudioraino: A-68 autopistatik joango gara Laudioko irteeraraino. Laudioko hirigunetik, Okendorantz egingo dugu A-3632 errepidean zehar, harik eta Ugarte auzora iritsi arte. Bertatik, Leziagako bidea hartuko dugu eskuinetara, Santa Luziarantz joateko.
Alonsotegiraino: A-8 autopistatik joango gara Balmasedako irteeraraino. BI-636 errepidea hartu eta handik guztira utziko dugu Alonsotegi/Zorrotzako irteeran. Ostean, Basurtu-Kastrexana errepidetik jarraituko dugu, harik eta Alonsotegiko Udaleko plazaraino iritsi arte.
Bilbao. Inguruko berdegunea. Igertu, aisialdirako gunea (2,32 MB)