Naturagune nabarmenak - Baso autokotonoak eta garrantzi bereziko zuhaitzak
Baso autoktonoak
Haltzadiak ibai-bazterretan kokatutako basoak dira. Ur-ibilguari behar besteko freskotasuna ematen diote, lurrari berari eusten diote ibaira erori ez dadin eta ibilguarekin lotutako faunaren babeslekua dira. Arroetako goiburuetan, haltzadiak landare-ilara estua marrazten du, eta, behera egiten dugun neurrian, etengabe istilduta dauden gunetxoetan ere egon daitezke, bertan ondoen-ondoen garatzen dira-eta. Nolanahi ere, baso-sailak ugaritu egin direnez, gaur egun ez da erraza ondo zaindutako erribera-basoak dituzten ibaiak aurkitzea, hau da, haltzadiari baliabide baliotsuenetakoa babesten uzten dion inguruneari eustea: edaten dugun ura.
Zaratamoko Iragorri auzoan, Arrobilla errekako erribera-basoaren zati handiena dago bere horretan. Haltzaren mendean, landaretza ugari bizi da: hurritzak, sahatsak, lizarrak eta ur-ingurunearekin lotutako beste espezie batzuk. Baso horien balioa eta interesa handi-handiak dira inolako zalantzarik gabe, eta, habitatei buruzko zuzentarauaren bidez, Europar Batasunak berak (EB) ere aitortu du “lehentasunezko habitatak” direla euren aberastasunagatik eta uholde handiei aurre egiteko daukaten ahalmenagatik. Gora egin eta ibilgutik aldentzen garen neurrian, baso mistoa agertzen da erriberako basoaren ordez, eta, bertan, haritz kanduduna da nagusi, ondo zainduta dagoen baso zabal-zabala, alegia.
Elexalde auzoan, San Lorentzo eliza, udaletxea, pilotalekua, eskolak eta ostalaritzako zenbait establezimendu daude kokatuta. Bertatik, osteratxo laburra egin ahal izango dugu Iragorri auzoraino, eta Artobillako ibarra inguratzen duen errepidetik jarraitu ahal izango dugu. Aukeran, mendiko ibilbideren batetik ere jaitsi ahal izango gara erreka ingurura eta haltzadira.
Zaratamo
GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: A3622. linea: Bilbo-Basauri-Artunduaga-San Migel-Zaratamo. Zaratamoko Elexalde auzoan dago azken geltokia.
ERREPIDETIK
Bilbotik, BI-712 errepidea hartu ahal izango dugu Abusu auzoan. Horrela, Arrigorriagara joan ahal izango gara Basaurin zehar. Arrigorriagan, BI-3701 errepidea hartuko dugu, eta, N-635 errepidearen gainetik igaro ondoren, Elexalde auzora igoko da.
A8 autopistatik, Basauriraino joan ahal izango gara, eta, bertan, N-635 errepidea hartuko dugu Arrigorriagaraino. Gero, BI-3701 errepidetik jarraituko dugu Elexalde auzoraino.