Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Altamira ibilbidea

Kanpoko atsedenerako ekipamenduak - Ibilbideak

Ibilbideak

5 km inguruko ibilbide honek Galdakaoko udalerriko kulturako eta paisaiako zenbait balio ezagutzeko aukera eskainiko digu. Ibilbidean bertan, norabideei buruzko seinaleak eta interpretazio-panelak daude ikusgai, eta ibilbidea hemen deskribatu den noranzkoan egitea komeni da.
Ibilbidea Galdakaoko Elexalde auzoan hasiko da, Guzur Aretxa plazan, Andra Mari elizaren (XIII. mendea) alboan, hain zuzen ere. Eliza hori, gainera, udalerriko eraikin erlijioso antzinakoena da. Udal-igerilekuen eta kiroldegiaren artean, iparralderantz jarraituko dugu, eta, metro batzuk igo ondoren, eskuineko mendi-bidea hartuko dugu, Elexaldeko presa txikiaren alboan dagoen antzinako tiro-eremura heltzeko. Auzo-bidean gora jarraituko dugu Solozarretako azken etxeraino iritsi arte, eta bertatik basabide bat hasten da, konifero-sailean zehar Etxebakarra txakolindegira eramango gaituena. Txakolindegiaren alboan ibilbideak eskuinerantz egiten du, norabidearen seinaleak kontuan hartuta, haztegira igotzen den BI-3732 errepidearen ondoan dagoen atsedenleku txikira helduko gara denbora gutxian. Gerra zibileko arrasto asko agertzen dira bidearen bi aldeetan, adibidez Burdin Hesiaren defentsa-lerroaren hainbat bunker eta trintxera, auzolanean garbitu direnak.
Beheranzko bide lasaian, Altamira auzoko saihesbidea utziko dugu ezkerretara, eta aurrera jarraituko dugu Vistalegrerantz. Tarte horretan, Ibaizabalgo erriberako ikusmira ederrak miretsi ahal izango ditugu Bekeako tartean. Era berean, Usansolo bera eta Bizkaiko mendi gehienak ere ikusi ahal izango ditugu atzeko aldean. Vistalegre auzoa zeharkatu ondoren, interpretazio-panelak Galdakaoko mendiko burdinolen berri ematen digu. Labe bitxi horiek, kasu askotan ondoren karobi gisa erabili zirenak, oso antzinakoak dira, XIII. mendean burdinola hidraulikoak agertu baino lehenagokoak. Ezaugarri horiek zituen burdin mea xehatzeko labe bati buruzko lehen aipamena Isusiko honi buruzkoa da (Orue-Etxebarria, 2008).
Gure meatze-iraganera bidaia txiki hau egin ondoren, interes handiko beste elementu baten barrena jarraituko dugu, hau da, Galdakaoko Olabarri eta Errekalde auzoak lotzen zituen antzinako errege-bideko galtzada balioetsiaren tarte bat, eta gainera informazio-panela dauka. Isasi zubitxoa gurutzatu ostean, Aretxondo jatetxeko aparkalekura iritsi eta berriro ere igo beharko gara Elexalde gainera. Bertan, bideak berak eramango gaitu abiapuntura.
 

Lekupena

Galdakao

Datu interesgarriak

GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bizkaibuseko A3621. linea Elexalderaino (ordutegi mugatuak). Erdialdetik, zenbait linea daude Bizkaiko hainbat lekutatik.

ERREPIDETIK
A-8 autopistatik (Donostiarantz) Elexalde auzoraino iristeko, 107. irteera hartuko dugu. Ondoren, udaletxerantz egingo dugu ezkerretara. Udaletxearen parean, ezkerretara jo eta, hurrengo biribilgunean, gorantz egingo dugu hilerrirantz.

A-8 autopistatik (Bilborantz) Elexalde auzoraino iristeko, 105. irteera hartu eta Bilborantz jarraituko dugu N-634 errepidetik. Gero, erdialdean sartuko gara suhiltzaileen antzinako postutik, eta, biribilgunean, eskuinetara egingo dugu hilerrirantz.

Erantsitako agiriak

Materiala eta estekarak

Gora