Naturagune nabarmenak - Gailur nabarmenak
Gailur nabarmenak
Mello mendiko gailurra Bizkaiko Muskiz eta Sopuertako udalerrien eta alboko Kantabriaren arteko muga da, eta kostaldeko ikusmira zabalak miretsi daitezke bertatik. Muñecas mendateak mendi hori banatzen du Saldamandoko gainerako mendietatik, eta, bertan, Alen (Sopuerta) da mendi garaiena.
Oro har, Muñecas mendatetik (45´) eta San Juan de Muskizetik (1h 30´) igoko gara Mello mendira. Abialeku bietan, Bizkaiko Bira GR 123 mendiko ibilbide luzearen seinale gutxi aurkituko ditugu. Ibilbidea ondo ez badago ere, tarteka eramango gaitu gailurrerantz doazen mendi-bideen artean. Bestetik, Montellano auzotik igotzea ere bada ohikoa.
Muskiz
GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bizkaibuseko zenbait linea: A2336 (Muskiz-EHU), A3321 (Portugalete-Area hondartza-Muskiz), A3323 (Portugalete-Galdames), A3334 (Santurtzi-Balmaseda), A3335 (Muskiz-Sestao), A3336 (Muskiz-Bilbo, Urtuellatik), A3337 (Muskiz-Bilbo, N-634 errepidetik), A3338 (Muskiz-Barakaldo-Areeta) eta A3340 (Muskiz-Abanto Zierbena, autopistatik).
Trena: Renfe konpainiako C-2. lineak (Bilbo-Muskiz) geltokia dauka Muskizen.
ERREPIDETIK
Bilbotik, A-8 autobidea hartuko dugu Santanderrerantz, eta «Zierbena-Gallartatik» irtengo gara. Gallartarantz jarraitu eta Carrerasera helduko gara; eta, ondoren, Muskizera.
Montellanotik joateko, Muskizen bertan BI-4602 errepidea hartuko dugu Sopuerta-Zallarantz, harik eta saihesbidera iritsi arte.
Muñecas mendatera joateko, aurrera jarraituko dugu Montellanorantz saihestu gabe, eta, Mercadillo auzora heldu baino lehen, BI-3603 errepidea hartuko dugu eskuinetara, Santa Ana auzoan zehar.